Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak 2017

Agifesen sentsibilizazio batzordeak hautatu ditu jada 2017ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak. Urte osoan, Gipuzkoan osasun mentalaren inguruan argitaratu edo igorritako lanak aztertu ditugu, eta poza ematen digu egiaztatzeak, orokorrean, hedabideek buru gaixotasuna duten pertsonen kolektiboari gero eta arreta egokiagoa ematen diotela. Horregatik antolatu dugu ekimen hau laugarren urtez, jardunbide onak saritu egin behar direlakoan baikaude!
 
Esker ona adierazi nahi diegu gure kolektiboari arreta eskaini dioten komunikabide, kazetari eta teknikari guztiei, eta, bereziki, honakoei:

 

Telebista kategoria

EiTB 1eko Ur Handitan programak, gaurkotasuneko gaiak sakonki jorratzen dituen saioak, eskuratu du saria urriaren 24an igorritako 'Klak: buru gaixotasunak' izeneko programarengatik.  Sentsibilizazio komisioak bereziki baloratu du saioaren sakontasuna eta ikuspuntua. Izan ere, buru gaixotasunak jorratzeaz gain, gai orokorragoak ere landu zituen, lana, laguntasuna edo bikote-harremanak kasu. Aiert Olasagasti nerabezaroan garatutako eskizofreniari buruz mintzatzen da, baina baita bere etxebizitza den Gurutze Gorriko pisuari edota Gureak enpresan duen lanari buruz, zein tutoretzapeko pisu batean bakarrik bizitzeko helburuari buruz ere. Luisak, bestalde, nahasmendu bipolarra nola sortu zitzaion azaltzeaz gain, bere dantza eskoletara eramaten gaitu eta kamera aurrean jartzen ditu gurasoak eta Max senarra. Eneko Arakamak depresioari aurre egiten dio Karabelekon egiten duen lanari esker eta Alaine Agirre idazleak, euskal literaturan irakurrienetakoa denak, borderline nahasmenduaren min eta ezegonkortasun emozionala islatzen du bere liburuetan. 
 
Programa esteka honetan ikus dezakezue. 
 

Prentsa idatzia kategoria

Urriaren 10ean El Diario Vasco egunkariak Mikel Merinori egindako elkarrizketa izan da saritua kategoria honetan. Teresa Flaño kazetariak Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira idatzitako testuan, Mikelen garapen pertsonala eta profesionala ezagutzen ditugu, nahasmendu bipolarra duen pertsona gisa, eta Agifesen buru osasun arazoak dituzten pertsonen laguntzaile bezala gauzatzen ari den lanaren berri ere ematen digu; izan ere, elkarrekiko laguntza teknikari gisa ari da Mikel lanean, proiektu pilotu batean. Kazetaritza-lan hau saritzerako orduan, Agifeseko sentsibilizazio batzordeak oso positiboki baloratu du egunkari honek, Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, errekuperazioan oinarritutako esperientzia bat lantzea.  
 
 

Irrati kategoria

Euskadi Irratiko Faktoria saioari egokitu zaio sari hau, hirugarren urtez, ekainaren 20an Luisa Etxeberriari egindako elkarrizketarengatik. Sentsibilizazio bazordeak oso ondo baloratu du saioak buru gaixotasunari eskainitako denbora zabala, eta bereziki Luisa Etxeberria bera izatea bere istorioa kontatzearen arduradun eta saioko protagonista. Bere bizipenak naturaltasunez eta garbi azalduz, Luisak sakon hitz egiten du bere gaixotasunaz, nahasmenduaren hasieraz, faseez, gaitzaren onarpenaz, bere lanaz eta estigmaz, besteak beste. Gai guztiak sakontasunez eta sentsibilitate handiarekin lantzen dira, eta buru osasuna ikuspegi orokorrago batetik ere ikusten da, Fedeafes federazioko edo Proyecto Voz ekimeneko datuak eskainiz.  
 
Elkarrizketa ondoko estekan entzun daiteke. 
 
 
KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA SARIAK
Aurten laugarren aldiz emandako sari hauen xedea da buru gaixotasunaren lanketa egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea. Bereziki kontuan hartu ditugu gizarte-sentsibilizazioa helburu dituzten erreportaje eta saioak. Hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.
 
Gainera, erreportajeetan terminologia egokia eta errespetuzkoa erabiltzea baloratu dugu (Fedeafesek landutako Komunikabideentzako estilo gidaliburua oinarritzat hartuz). Argazkiak eta ikus-entzunezko baliabideen edukia eta transmititzen duten ikuspegia ere kontuan izan ditugu.
 
► Lehiaketaren oinarriak kontsultatu