“Estatuko eko-herrixketatik bira bat egitea gustatuko litzaidake”

"Eko-herrixka ezberdinetatik bira"
Asteazkena, 2018, Apirila 4

// Eneko Arakama berdingabea da

Enekok harreman berezia du naturarekin eta mundu digitalarekin. Hau da, asko atsegin du kalean jarduerak gauzatzea, baita etxean interneten nabigatzea ere. Kanpoko zein barneko zaletasunak bateratzen ditu. Izan ere, duela hiru urtetik hona, baratzezaintza egin du Enekok bere lanbide. Eta Karabeleko ekonekazaritza etxaldean astelehenetik ostiralera berrogei orduko lanaldia burutu ondoren, “lasai asko eta gustura” joaten da etxera Youtuben musika entzutera, sorkuntza bideoak edo pelikulak ikustera, zein Grand Theft Auto bideo-jokoan aritzera.
 
Hasieran depresioari aurre egiteko aisialdiko aktibitate terapeutikoa zena lan kontratu bilakatu zen denbora gutxira, eta ordutik sei edo zortzi ordu egiten ditu lan egunero Karabelekon, sasoiaren arabera. Bertan, barazkien landaketa eta bilketa egiten du, eskaeren eta otarren prestaketa eta kudeaketa, baita otarren banaketa ere hiriko jatetxe eta lokal ezberdinetan, besteak beste. Banaketarako kotxea hartzea da gutxien atsegin duena, “Donostiako trafikoarekin estresatu” egiten baita. Hala ere, auto berria erosi behar duela aitortzen du kopetilun. 
 
Lanetik atera eta etxera iristean, ordenagailu aurrean esertzen da maiz, “lana bukatzean lasai egotea gustatzen” baitzaio. Duela hilabete gutxi berekin bizi den txakurkumearekin ere gustura asko egoten da etxean: “Txakur bitxia da eta ez zaio kalera ateratzea gustatzen”, dio Enekok irribarre erdia aurpegian duela. Noizbehinka Agifeseko aisialdiko taldearekin paseatzera ateratzen da eta, lagunei dagokienez, “jende sanoa, zintzoa eta lasaia” atsegin du. Bestalde, bizkarreko mina ekiditeko, Irungo kiroldegian igeri egiten hasi behar duela ere onartzen du.
 
Nekazaritza eta baratzea lanbide izateaz gain, zaletasun ere badira. Ingurumenaren zainketan interesa du eta lurra lantzeko esku ona dauka Enekok. Horregatik, Estatuko eko-herrixketatik bira egitea gustatuko litzaioke, boluntario lana eginez naturarekin zuzeneko harremanean. Almeriako eko-herrixka batean egona da, hondakin-lurren garbiketan, lurren berreskuratzean, sukaldean eta antzeko lanetan eta, gogorra izan arren, oso gustura egon zen eta beste lekuren batean errepikatzea gustatuko litzaioke. Zentzu horretan, Nafarroako herri horietako batean denboraldi bat pasatzea gustatuko litzaioke, eta bertako jendearekin komunitatean bizitzea. Izan ere, independizatzea da Enekoren beste helburuetako bat, eta bakarrik nahiz komunitatean bizitzea.