“Eskuekin abilezia dut. Etorkizunean masaje areto bat ireki nahiko nuke”

“Eskuekin abilezia dut"
Osteguna, 2018, Martxoa 1

//Nuria González berdingabea da

Nuriak berezko talentua du eskuekin. Bere alaba Evelynekin marraztu eta margotzen du, eta arkatzez edo ikatz-ziriz egindako marrazki artistikoak eta eskulanak ere gauzatzen ditu. Nuriaren iritziz, eskuarekin egindako lan artistiko guztiak dira ekintza lasaiak eta atseginak. Gainera, duela aste batzuk bere alabaren seigarren urtemuga ospatzeko kartela diseinatu eta marraztu zuen.

Hala ere, Nuriak eskuetan duen abilezia ez da arlo artistikora mugatzen. “Beti nahi izan dut fisioterapia ikasi. Ona naiz eskuekin eta masajeak egiteko erraztasuna dut”, dio Nuriak. Bere ametsa fisioterapia ikastea eta etorkizunean masaje areto bat irekitzea da.  Gaur egun, ikastola bateko jangelan lan eginez eta haur txiki bat zainduz, fisioterapia ikasketak burutzea ezinezkoa litzaioke. Hala ere, bere garaian ikasitako estetika kurtsoa masaje klaseekin uztartuko balu, bere talentua lanbide bihurtu ahal izango luke agian.
 
Bere esku zoragarriez gain, Nuriak hankak ere kontuan hartzen ditu, hauek baitira bere txakurra Txuriren konpainian hondartzara eramaten diotenak. Bestetan, aldiz, Urbil merkatal gunera bideratzen diote, filmak ikustera. Nahiz eta hasieran beldurrezko filmak gustuko izan, orain erromantikoak eta haurrentzako filmak ditu gustuko. Familiartean gaitasun eta kontzentrazio mahai-jokoetan aritzea ere maite du Nuriak.

 

Familiaren garrantzia

 
Nuriaren euskarri nagusienak bere senarra Imanol eta alaba Evelyn dira. Senarrak “segituan daki gauzak gaizki doazenean, nire ondoan mantendu da beti eta gaixotasuna ni bezain ondo ezagutzen du”. Alaba bere bizitzako poztasuna dela gehitzen du Nuriak. Nuriaren oldarkortasunak eta barnerakoitasunak bat egiten dute senarraren izaera lasaia eta  kanporakoiarekin, bikote bikaina osatuz.
 
Nuriak, bereziki, umore ona duten pertsonak ditu gogoko. “Elkarrizketa atsegina eskaintzen duen jendea, zintzoa eta apala”, alegia, gaitzak ahazten laguntzen dion jendea gustatzen zaiola argitzen du.