"Barrea oso erraz irteten zait eta ingurukoei barregura eragiten diet"

Asteartea, 2017, Apirila 18

// Yolanda berdingabea da

Alaitasuna da Yolanda Barreiroren ezaugarri nabarmenetarikoa. "Barrea oso erraz ateratzen zait eta ingurukoei barregura eragiten diet", ziurtatu du Donostiako auzotar honek. Hainbat urte daramatza nahasmendu bipolarra duten pertsonentzako laguntza talde batean, Agifes elkartearen barne. Esperientzia hori lagun berriak egiteko baliagarria izan zaiola dio, baita bere burua ezagutzeko erremintak eskuratu eta gaixotasuna menderatzeko ere.

Unea bizi
Bere egunerokoa jardueraz beteta dago. Garbiketaren gremioan lan egiteaz gain, mota guztietako ekintzetan parte hartzen du. Zumba eta Pilates klaseetan asko gozatzen du, lagunekin irtetea gustatzen zaio, baita familiak Nafarroan duen herrian erlaxatzea ere. Sare  sozialak miatzea ere atsegin du eta barrea eragiten dioten telebistako programekin entretenitzen da, bikotekide bila lehenengo aldiz elkar ezagutzen duten pertsonen saio horrekin, adibidez.  Eta, batez ere, gehien balioesten duena “unea bizitzea" da, egunean egunekoa; bizitzaz "ahal den guztia disfrutatzea".
Yolandari izugarri gustatzen zaio hitz egitea eta, hain komunikatzaile ona izanik, inoiz jendaurrean mintzatzea ere egokitu zaio, ehunka pertsonaren aurrean. Esatari gisa aritzen da ere Why Not fundazioaren irratian eta aktiboki parte hartzen du orotariko ekintzatan: ingelesa, frantsesa, irakurketa erraza, barreterapia, musikaterapia, etab.

Entzule ona eta enpatikoa

Yolandak jenio txarra duela aitortzen du, baina, hala ere, enpatia handia du ingurukoekin eta entzule ona da: “Hilabete eta erdi ospitaleratua egon nintzen behin, krisialdi larri baten ondoren, eta han ikasi nuen inguruan gertatzen zen guztiari so egiten”. Orain ikasketak egitea erabakiko balu, psikologia edo erizaintza aukeratuko lituzkeela aipatu du, gaixo dauden pertsonei laguntzea egokitu zaiolako behin baino gehiagotan. “Pazienteekin solas egiteko erraztasuna daukat; eritasunaz haratago, hobeto sentiarazten laguntzen dieten gaiez hitz egitea gustatzen zait", dio.

Alde guztietatik mimatua

Egia esanda, bere ibilbidea ez da erraza izan. Gaur egun erakusten dituen poztasuna eta optimismoa errekuperazio prozesu neketsuaren fruitu dira. Izan ere, depresio sakonak eta antsietatea pairatu ditu iraganean.
 
Hala ere, orain zoriontsu sentitzen da inguruan duen pertsona sare zabalagatik: gurasoak, ahizpak, Osakidetzako erizaina eta psikiatra, Agifeseko psikologoa… “Alde guztietatik mimatua nago. Laguntza behar dudan guztietan badut norengana jo”, adierazi du.
 
Ahizpa txikia bereziki miresten du, arazoei heldutasunez aurre egiteko gaitasuna baitauka. “Nirekin hitz egiteko eta laguntzeko modua atsegin dut… Bera bezalakoa izatea gustatuko litzaidake”, gaineratu du irribarrez.
 

Protagonista gehiago ezagutu

Ezagutu 'Berdingabea zara' kanpaina