Baikor pentsatu nahi duzu? (2012)

2012an Baikor pentsatu nahi duzu? setsibilizazio kanpaina gauzatu genuen buru gaixotasuna duten pertsonekiko enpatia bultzatzeko eta aurrera egiten laguntzen gaituen pentsamendu baikorra zabaltzeko asmoz. 

Proiektu hori gauzatzeko elkarteko erabiltzaile ugariren eta senide batzuen laguntza izan genuen. Gure mezua goiko bideoaren bitartez zabaltzeko eskaini zuten euren burua, eta Oscar Terol umorista ere parte hartzera animatu zen. Horrez gain, pentsamendu baikorraren aldeko adierazpen bat landu genuen, pertsona guztioi, diagnostikoa eduki ala ez, batzen gaituzten ezaugarriak nabarmentzeko; eta partaidetza soziala sustatzeko ekintzak ere burutu genituen. BURUA ASKE kontakizun laburren lehengo lehiaketari esker, munduko herrialde anitzetako 250 lan inguru jaso genituen eta batezbesteko kalitatea oso ona izan zen. Emaitza onak lortu genituen, halaber, BURU OSASUNA FOKATU argazki lehiaketarekin, 216 irudi jaso baigenituen. Gainera, buru osasunaren inguruko ideiak eta esperientziak partekatzeko bi ekimen antolatu genituen: Kontaiguzu zure esperientzia baikorra eta Pentsamendu baikorren bilduma.

Urteko jarduera aipagarrienetako bat 5 MILIA Buru Osasunaren Alde lehenengo lasterketa solidarioa izan zen. 550 korrikalari eta dortsal solidario elkartu genituen Donostian urriaren 7an; oso zifra positiboa. Pertsona famatuen babesa ere lortu genuen: David Zurutuza futbolaria, Mikel Erentxun musikaria, Elena eta Juan Mari Arzak sukaldariak, Richard Oribe atleta paralinpikoa eta Mikel Odriozola ibiltari olinpikoa. Gipuzkoako kolektiboarentzako egun oso berezi eta hunkigarria izan zen, eta urtez urte proba berriak prestatzen joateko bultzada izugarria izan zen guretzat. Aipamen berezia merezi dute antolaketan parte hartu zuten boluntario guztiek, ehundik gora pertsona aritu baiziren egunean bertan antolakuntza lanetan. Eskerrik asko kanpainan parte hartu zenuten guztiei!

Kanpaina honetako jarduera guztiak webgune honetan daude jasota: www.baikorpentsatzendugu.org