Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak 2015

Agifesen sentsibilizazio batzordeak hautatu ditu jada 2015eko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak. Urte osoan, Gipuzkoan osasun mentalaren inguruan argitaratu edo igorritako lanak aztertu ditugu, eta poza ematen digu egiaztatzeak gure lurraldean, orokorrean, hedabideek buru gaixotasuna duten pertsonen kolektiboari gero eta arreta egokiagoa ematen diotela. Horregatik antolatu dugu ekimen hau bigarren urtez, jardunbide onak saritu egin behar direlakoan baikaude!
 
Esker ona adierazi nahi diegu gure kolektiboari arreta eskaini dioten komunikabide, kazetari eta teknikari guztiei, eta, bereziki, honakoei:
 

Telebista kategoria

'Barruak Astintzen' dokumentala, Goiena Telebistak egina. 

 
Arespaldiza proiektua aurkezten digu lan honek. Esperientzia pilotua da, San Juan de Dios ospitaleak, Arizmendi ikastolak eta Goiena Telebistak elkarlanean gauzatutakoa aipatutako arabar udalerrian. Arrasateko erietxeko hamabost paziente ikastolako bederatzi ikaslerekin bizikidetzan izan dira lau egunez. Horrela, buru gaixotasuna duten pertsonen kolektiboaren inguruko mitoak eta aurreiritziak gainditu nahi izan dituzte, batik bat gazteak sentsibilizatzeko, eta pazienteen ahalduntzea ere sustatu nahi izan dute.  
 
Dokumental zabalak, ekimenean parte hartu duten ikasleen hitzak jasotzeaz gain, hainbat pazienteri egindako elkarrizketa sakonak jasotzen ditu. Euren bizitzako alderdi anitz jorratzen dituzte: nola sortu zen gaixotasuna, tratamendua, familiarekin daukaten harremana eta jaso duten babesa, gizarte-estigma, errekuperazioa, ilusioak, eta abar. 
 
Lan hau saritu nahi izan dugu buruko osasun arazoa duten pertsonei hitza eta protagonismoa emateagatik, eta kolektiboaren gizarteratzea sustatzeagatik. Lan oso aberatsa iruditzen zaigu, gizartea sentsibilizatzeko indar handia baitauka.
 

Prentsa idatzia

Arantxa Iraolak Berria egunkarian argitaratutako 'Hitzen zama arindu ezinik' artikulua. Alpeetan txikitutako hegazkinaren harira, komunikabideek buru osasunaren gaia nola jorratzen duten aztertu zuen kazetariak; izan ere, indarkeria buru gaixotasunarekin lortzeko joera oso errotua dago. Egokia iruditu zaigu, oso, komunikabide batek horrelako gogoeta jasotzea, psikiatra eta psikologo adituen iritziak partekatuz; eta arinegi eta, askotan, oker egiten diren lotura horiek goiburuetara ekartzeak dakartzan arriskuak eta kolektiboarengan dituen ondorioak ezagutaraziz. 
 
Horrez gain, kazetari honek egiten duen lana aintzat hartzeko aukera aprobetxatu nahi dugu, buru osasunarekiko sentsibilitate handia duela erakutsi baitu gaiaren inguruan landu dituen testu ugarietan. 
 
 
  • Ezin dugu bigarren saria banatu, baina aipamen berezia merezi du, kategoria honetan, 'Buruko osasuna: berba egin dezagun gaiaz' erreportajea, Soraluzeko 'Pil-pilean' aldizkarian argitaratua 2015eko maiatzean. Artikuluan bertan adierazten dutenez, udalerrian sortutako kezken inguruan landu dute erreportajea, gertaera jakin batzuk direla eta. Horretarako, psikologo bati elkarrizketa egiten diote, buru osasunaren inguruko ohiko galderei erantzuna eman, eta Agifesen jardunari buruz ere hitz egiten dute. Oso egokia iruditzen zaigu komunikabide honen jarrera; herritarrak kezkatzen dituen gaia jorratzea, eta osasun mentalaren inguruko zalantzak adituen laguntzarekin argitzea.

Irratia kategoria

Kategoria honetako saria José Manuel Cámara Sáez kazetariari egokitu zaio, RNEko Radio 5 Irratiko 'Mi gramo de locura' programa dela eta. Bertan, Estatuko buru osasun sareko elkarteek hartzen dute parte, eta Agifeseko kideak izan dira irratsaioetako batean.
 
2015ean jaio den elkarrizketa-espazio hau asko gustatu zaigu, protagonistei hitza ematen dielako, buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta senideei, eta osasun mentalaren inguruko mitoak apurtzera eta gaiaz naturaltasunez hitz egitera zuzendua dagoelako. Esteka honetan ezagutu dezakezue nola sortu zen mikroespazio honen ideia, 2004an, eta nola gauzatu den, José Manuelen ilusio eta esfortzuari, RNEren borondateari eta Estatuko buru osasun konfederazioaren kolaborazioari esker. Hemen duzue Agifeseko kideei (Mamen, Ixiar, Eider eta Pilar) egindako elkarrizketa. 

KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA SARIAK

Aurten bigarren aldiz egindako lehiaketa honen xedea buru gaixotasunaren lanketa egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea da. Bereziki kontuan hartu ditugu gizarte-sentsibilizazioa helburu dituzten erreportaje eta saioak. Hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.
 
Gainera, erreportajeetan terminologia egokia eta errespetuzkoa erabiltzea baloratu dugu (Fedeafesek landutako Komunikabideentzako estilo gidaliburua oinarritzat hartuz). Argazkiak eta ikus-entzunezko baliabideen edukia eta transmititzen duten ikuspegia ere kontuan izan ditugu.
 
Honako sariak banatu ditugu:
 
Idatzizko komunikabideak: 400 euro + diploma
Telebista: 400 euro + diploma
Irratia: 400 euro + diploma
 

Lehiaketaren oinarriak kontsultatu