
Telebista kategoria
ETB 2n arratsaldetan igortzen duten 'Ahora' gaurkotasun saioak eskuratu du saria, azaroaren 15ean buru osasun arazoa duten pertsonen esperientzia eta profesionalen azalpenak jasotzen zituen programa emititu baitzuten.
(Buru osasunaren inguruko hizketaldia 1:14:45 minutuan hasten da bideoan)
Adela González kazetariak aurkeztutako saioak buru nahasmenduaren gaia sentsibilitate handiz landu zuen, profesionalei eta buru nahasmendua duten pertsonei informazioa eta esperientziak lehen pertsonan partekatzeko espazioa eskainiz.
Agifesen sentsibilizazio batzordeak programa honek gure kolektiboari eskainitako denbora eta arreta eskertu nahi du, baita saioaren ikuspegia eta buru gaixotasuna duten pertsonei hitza emateko interesa ere. Programan sortutako hartu-emanak buru osasunaren ikuspegi osoagoa zabaltzen laguntzen duela uste dugu, batzuetan islatzen den irudi partzial eta estigmatizatzailetik urrunduz.
Gainera, Euskadin buru osasunaren alde lan egiten duen entitate-sarea irudikatzeko ahalegina egin zuen programak. Horretarako, Agifes, Avifes eta Asasam elkarteak, eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioa den Fedeafes-ek hartu zuten parte saioan.
* Programak ez du diru-saria onartu nahi izan eta Agifesi itzuli dio buru osasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen jarraitu dezan. Keinu eskuzabal hau bihotzez eskertzen dugu.
Prentsa idatzia
Azaroaren 10ean El Diario Vasco egunkarian Agifeseko erabiltzaile María Díaz de Ceriori egindako elkarrizketa zabala, Macarena Tejada kazetariak idatzia, saritu nahi izan dugu prentsa idatziko kategorian. Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira idatzitako elkarrizketa honek Mariaren garapen pertsonala ezagutarazten digu, eskizofrenia diagnostikatu ziotenetik gaur egunera arte, eta Maria buru gaixotasunarekin nola bizi den ulertzeko aukera eskaintzen digu ere bai. Mariaren kasua errekuperazio prozesuaren adibide garbia dela dio kazetariak bere lanean, eta protagonistaren ahalduntze prozesua azpimarratzen du. Izan ere, gaur egun Agifeseko tutoretzapeko etxebizitza batean bizi da María, eta buru gaixotasuna medikazioaren laguntzari esker kontrolatzea lortu du.
Eskerrak eman nahi dizkiogu El Diario Vasco egunkariari, Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, buru gaixotasuna duten pertsonen errekuperazioaz mintzatzea. Gainera, elkarrizketa honek Mariaren amaren ikuspegia ere ematen du eta, modu horretan, buru gaixotasuna duten senideen esperientzia ere aintzat hartzen du.
Irratia kategoria
Euskadi Irratiko Faktoria saioak, eta Igotz Alkorta kazetariak, jaso dute saria kategoria honetan urriaren 24an Blaseneak, Kimu Batek eta Agifesek sustatzen duen Karabeleko ekonekazaritza etxaldean egindako erreportajearengatik.
KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA SARIAK