EUSKARAZKO IDAZLAN ONENA: "Zoaz trankil"

Xabier Mendiguren Elizegi
Osteguna, 2016, Urtarrila 28
–Maitea, orain lanera joan behar dut. Ondo egongo zara bakarrik?
–Zoaz trankil, ondo egongo naiz eta.
–Seguru?
–Baietz ba. Ez duzu ikusten ondo nagoela? Ondo egongo naiz.
–Benetan?
–Benetan, bai. Ea, zoaz eta lan asko egin.
–Egia esan, gaur lan pila bat daukat, derrigor bukatu beharreko gauza batzuk...
–Zuk egin lan asko, eta ez izan presarik etortzeko.
–Bale ba. Baina edozer gauza gertatzen bada deitu berehala, e?
–Bai, bai.
–Goizean zehar badaukazu zer egin, ezta?
–Bai, bai. Ogi bila aterako naiz aurrena, eta gosaldu eta gero etxea txukunduko dut apur bat.
–Ez nekatu gehiegi, e? Nahi baduzu bion artean egingo dugu arratsaldean, bueltan etortzen naizenean.
–Ez, ez. Horrela gainera entretenituta egongo naiz goiz osoan.
–Bale ba. Ea, muxu bat.
–Mmmm. Beste bat.
–Mmmmm. Agur, maitea. Zaindu asko.
–Agur, laztana. Asko maite zaitut.
 
* * *
–Laztana, non zaude?
–Hemen, lantokian, badakizu.
–Hitz egin dezakezu?
–Bai, noski.
–Beste inork entzuten dizu?
–Ondoko mahaietan daudenek.
–Hitz egin dezakezu leku pribatuago batetik?
–Itxoin momentu batean. Altxatu eta biltegira joango naiz. 
–Bai, faborez.
–Lixto. Hemen nago. Zer pasatzen da?
–Laztana, nik ez zaitut molestatu nahi, badakit lan asko daukazula...
–Zerbait gertatzen zaizu?
–Ez dakit zer dudan, baina…
–Zer?
–Ez nago ondo.
–Zer pasa zaizu?
–Ez dakit. Betiko okindegira joan naiz, baina itxita zegoen. Eta orduan, ez nekien nora joan ogi bila…
–Edozein dendatan saltzen dute orain ogia…
–Badakit, baina blokeatu egin naiz, eta gaizki sentitu naiz, eta etxera etorri naiz, eta ohean etzan naiz, eta orain ez dakit zer egin.
–Jan zerbait, jogurt bat edo edozer gauza, eta gero hasi etxeko lanetan.
–Es que ezin dut.
–Ez daukazu dena batera egin beharrik. Hartu eginkizun erraz bat, eta hori bakarrik egin. Eskoba pasatzea, edo hautsak kentzea, edo… Gainerako guztia egingo dugu bion artean, arratsaldean.
–Raiatuta nago.
–Ez raiatu maitea, positiboa izan zaitez.
–Ni saiatzen naiz, baina… Posible duzu gaur lehenago etortzea?
–…
–Haserretu egin zara? Ahaztu esan dizudana. 
–Ez, ez. Joango naiz. Joango naiz. Ahalik eta lasterren. Aurrena gauza pare bat bukatu behar ditut hala ere. Joango naiz. Egon lasai, maitea.
–Benetan? Nik ez zaitut molestatu nahi baina…
–Zuk ez duzu inoiz molestatzen.
–Badakit lan pila bat daukazula, eta nik ez nizun deitu nahi, baina...
–Ez arduratu. Egon hor. Saiatu lasaitzen. Berehala joango naiz horra. 
–Asko maite zaitut, laztana.
 
* * *
–Etorri zara, laztana!
–Zer moduz zaude?
–Zurekin hitz egin dudanetik askoz hobeto.
–Jan duzu zerbait?
–Jogurt bat. Baina gero bota egin dut.
–Pastillak hartu dituzu?
–Bai, bai. Haserre zaude?
–Nola egongo naiz haserre?
–Lanean utzi ez zaitudalako.
–Ahaztu lana. 
–Nola ahaztuko dut ba lana? Zuretzat inportantea da. Eta hortik bizi gara orain biok.
–Badaude lanaren aurretik dauden gauzak, eta zu ondo jartzea da orain inportanteena.
–Laztana, bihotza, asko maite zaitut.
–Nik ere bai, maitea. Ondo zaude?
–Orain hobeto. Baina oso gaizki pasatu dut. Ez nekien zer egin. Ideia negatiboak neuzkan buruan jiraka.
–Baztertu ideia horiek.
–Bai, bai. Eman besarkada bat.
–Ze ondo horrela, biok besarkatuta. Horrela egon nahi nuke beti.
–Baina ezin duzu. Zuk lan egin behar duzu.
–Egia da.
–Ea, zoaz lanera, eta arratsaldean beranduago arte geratu, orain galdu duzun denbora errekuperatzeko.
–Ondo egongo zara?
–Bai, orain bai.
–Seguru?
–Seguru. Zoaz trankil.
–Gero arte, maitea. Zaindu asko.
–Zu ere bai, laztana.
 
* * *
–Laztana? Hor zaude?
–Bai. Bai. Hemen nago. Lanean. Zer gertatu zaizu orain?
–Ezer ez. Bakarrik deitzen dizut esateko erosi dudala ogia, beste denda batean, pasatu dudala eskoba, kendu ditudala hautsak, eta bazkaria prestatzen nagoela. Eta asko asko asko maite zaitudala.
–Neuk ere bai, maitea.