Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak 2019

Agifesen sentsibilizazio batzordeak hautatu ditu jada 2019ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak. Urte osoan, Gipuzkoan osasun mentalaren inguruan argitaratu edo igorritako lanak aztertu ditugu eta geure kolektiboaren ikuspegi zabala islatzen duten kazetaritza lanak, sentsibilizazioa sozialaren aldeko eta gizarte estigmaren kontrako apustua egiten dutenak, saritu nahi izan ditugu. Zentzu horretan, komunikabideen lan ona eskertu nahi dugu, buru osasun arazoak normalizatzen eta kolektiboaren gizarteratzea bultzatzen laguntza handia ematen digutelako. Horregatik antolatu dugu ekimen hau seigarren urtez, jardunbide onak saritu egin behar direlakoan baikaude!

Esker ona adierazi nahi diegu gure kolektiboari arreta eskaini dioten komunikabide, kazetari eta teknikari guztiei, eta, bereziki, honakoei:

Ikus-entzunezko kategoria

Kategoria honetan, Klaudio Landa aurkezlea saritu nahi dugu, urtetan zehar arreta handia eskaini baitie bere telesaioetan gizarte gaiei eta, bereziki, buru osasunari . Betiere sentsibilitate eta errespetu handiz jorratu ditu osasun mentalarekin lorturiko gaiak, horrelako arazoak bizi dituzten pertsonei hitza emanez.

Prentsa idatziaren kategoria

Idatzizko prentsan Ane Urdangarin kazetariak eginiko lana azpimarratu nahi dugu, ‘El Diario Vasco’ egunkarian suizidioekin erlazionatutako bi erreportaje argitaratzeagatik, lehena otsailean eta bigarrena azaroan. Sakontasunean landutako bi testu izan ziren, lau orrialdekoak biak, non kazetariak arazoari bete-betean heldu zion,  senide baten suizidioari aurre egin behar izan dioten pertsonen lekukotasunak oinarritzat hartuz.

Agifeseko sentsibilizazio batzordeak aintzat hartu du, bereziki, suizidioari eskainitako tarte zabala, ez soilik erreportajeen luzeragatik, baizik eta gaia egunkariaren azalean azpimarratzeagatik ere. Oraindik gai tabua da hau gure gizartean eta egileak errespetu eta sakontasun osoz jorratu du bere lanean.

Irrati kategoria

Euskadi Irratiko ‘Mezularia’ saioa saritu dugu joan den apirilaren 23an Agifeseko Maider Gorostidi psikologoari egindako elkarrizketagatik.  

Sentsibilizazio batzordeak depresioaren gaiari eskainitako tarte zabala nabarmendu nahi du, gizarte-sentsibilizazioari eta sufrimendu egoeran dauden pertsonek laguntza bila dezaten sustatzeari emandako bultzadagatik. Elkarrizketan ‘Zure harremanik zailena’  kanpaina landu zuten, depresioa duten pertsonak ahaldundu eta laguntza profesionala eskatzera bideratzeko helburuarekin 2019an sortu den egitasmoa, hain zuzen. Halaber, buru osasunak duen estigma eta depresioa duten pertsonek erakusten dituzten sintomen inguruan mintzatu ziren, baita Agifesek egoera horiei aurre egiteko eskaintzen dituen zerbitzu zehatzei buruz ere.

Elkarrizketa link honetan duzu entzungai.

KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA SARIAK

Aurten seigarren aldiz emandako sari hauen xedea da buru gaixotasunaren lanketa egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea. Bereziki kontuan hartu ditugu gizarte-sentsibilizazioa helburu dituzten erreportaje eta saioak. Hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.

Gainera, erreportajeetan terminologia egokia eta errespetuzkoa erabiltzea baloratu dugu (Fedeafesek landutako Komunikabideentzako estilo gidaliburua oinarritzat hartuz). Argazkiak eta ikus-entzunezko baliabideen edukia eta transmititzen duten ikuspegia ere kontuan izan ditugu.