Elkarrekiko laguntza-programa

 
Duela gutxi Elkarrekiko Laguntza Programa eskaintzen hasi gara, buru gaixotasuna izan eta gainditu duten pertsonek gidatutako proiektua. Elkarrekiko laguntza eskaintzeko prestakuntza jaso ostean, programa honen gidariek buru osasun arazoa duten pertsonen errekuperazio-prozesuan parte hartzen dute.  
 
Elkarrekiko laguntza gidatzen duen eragilearen rola buru gaixotasuna duen pertsonari entzuna eta ulertua izateko gunea eskaintzea da, eta itxaropena transmitizea. Epairik gabeko espazioa da, antzeko bizipenak jasan dituen eragilearen esperientzia baitu oinarritzat. 
 
Arreta zerbitzu hau berdintasun harremanean oinarritzen da, pertsonengan jartzen baitu garrantzia, eta ez sintometan edo diagnostikoan. Proiektu honen oinarrian honako teoria dago: buruko gaixotasun larriak eta iraunkorrak dituzten pertsonek ere nabarmenki hobera egin edo buru osasuna berreskura dezaketela. 
 
Programaren zutabeetako bat ahalduntzea bultzatzea da eta buru gaixotasuna duen pertsona bere osatze-prozesuaren gidari izateko gai sentiaraztea. Izan ere, pertsona batzuentzat errekuperazioa aurkikuntza eta hobetze prozesua izan daiteke; buru nahasmendua atzean utziz bizitza berria hasteko aukera, hain zuzen. Osatzea edo errekuperazioa zentzu honetan ulertzen dugu: pertsonarentzat pozgarria eta zentzuzkoa den bizitza proiektu baten eraikuntza, eurak erabakitako planaren arabera eta sintomen eta arazoen eboluzioarekin zerikusirik ez duena. 
 
Metodologiari dagokionez, AGIFES elkarteko profesional taldearen laguntza eta ikuskapena duen eragilearekin 8-10 saio indibidual eskaintzen dira.
 
Emaitzek erakusten dutenez, elkarrekiko laguntza-programa buruko osasun arazoa dueten pertsonei laguntzeko modu berritzaile eta eraginkorra da.