Karabeleko Enplegu Zentro Berezia

Karabeleko etxalde agroekologikoa buru nahasmendua duten pertsonei zuzendutako Enplegu Zentro Berezia da. Karabeleko ekonekazaritzaren arloan lanean ari den irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Agifes, Blasenea eta Kimu Bat entitateek elkarlanean sortutakoa. Proiektuaren xede nagusia buru osasun arazoa duten pertsonen errekuperazioa, gizarteratzea eta laneratzea sustatzea da.

Errehabilitazio psikosozialerako programaren barruan, osasun mentaleko arazoa duten pertsonen autonomia eta garapen pertsonala lantzeko zein lanerako gaitasunak garatzeko jarduerak gauzatzen dira.
 
Enplegu Zentro Berezia izateko langileen %70k desgaitasun-aitorpena izan behar du. Gainera, psikologo batek eta ekoizpen laguntzaile batek osatutako laguntza-unitatea ere sortu dugu. Horien funtzioa, hain zuzen, langileen beharrak aztertu eta lanpostuak horien arabera egokitzea da. Hala, langileen integrazio pertsonal eta soziala sustatu nahi du Karabelekok, gerora lan merkatu arruntera salto egin ahal izateko, egokia den kasuetan.
 
Etxalde agroekologikoaren taldea hiru lantaldetan batuta dago: errehabilitazio taldea, okupazionala eta laborala. Jarduera egokitua izan da parte-hartzaileei euren errekuperazio prozesuan aurrera egiten laguntzeko, egokitutako ibilbidea jarraituz, eta enplegu normalizatura iristen laguntzeko.
 
Bideo honetan, zenbait erabiltzailek euren esperientzia partekatzeaz gain, Karabeleko zer den azaltzen da.