Buruzaintza Elkargunea Arrasate
Zure buru osasuna zaintzeko, esperientziak partekatzeko eta beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko gune baten bila zabiltza?
Arrasate Buruzaintza Elkargunea espazio komunitario bat da, buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien senideei elkartzeko, laguntza jasotzeko eta elkarrekin egoteko aukera eskaintzen diena.
Gure helburua espazio hurbil, goxo eta ez-kliniko bat eskaintzea da, gustura sentitzeko, esperientziak partekatzeko, harremanak sortzeko eta ongizatea zein errekuperazio-prozesua sustatzen duten jardueretan parte hartzeko.
Debagoienean dauden osasun-arloko eta arlo soziosanitarioko baliabideak osatzeko sortu da programa.
Guztion artean eraikitzen dugun espazioa
Buruzaintza Elkargunean pertsona bakoitzak bere lekua aurkitzea eta bere erritmora parte hartzea nahi dugu. Jarduerak taldearen interesak, proposamenak eta beharrak kontuan hartuta antolatzen ditugu.
Zer aurkituko duzu bertan?
-
Harrera, entzutea eta orientazioa: Zure kezkak partekatzeko eta informazioa zein laguntza jasotzeko gunea.
-
Aisialdi komunitarioko jarduerak: Paseoak, jolasak, inguruko herrietara irteerak eta denbora libreaz gozatzeko zein beste pertsona batzuk ezagutzeko bestelako proposamenak.
-
Errekuperazio-prozesuan laguntza: Norberarenganako konfiantza indartzeko, jarduerak berreskuratzeko eta harreman sozialak zabaltzeko ingurunea.
-
Familientzako laguntza: Senideentzako orientazioa, entzute-espazioak eta laguntza-taldeak, esperientziak partekatzeko eta buru osasuna zaintzeko tresnak eskuratzeko.
Jarduerez harago, Elkargunea komunitate bateko kide sentitzeko, harreman berriak sortzeko eta gure bizi-proiektuetan aurrera egiteko gunea izatea nahi dugu.
Parte hartu nahi duzu? Zatoz gu ezagutzera!
