Zer ulertzen dugu buru osasunaz ari garenean?
ZER DA OSASUN MENTALA?
Gure buruaren jabe sentiarazten gaituen egoera da, batez ere erabakiak hartzeko, egunerokoan eraginkortasunez lan egiteko, bizitzako tentsioei aurre egiteko eta komunitateari ekarpenak egiteko orduan.
ETA BURU NAHASMENDUA?
Gizarteak edo hurbileko taldeek ez-normaltzat jotzen dituzten portaeren, emozioen, arrazoiketen eta errealitatea hautemateko moduen multzoa da. Buru nahasmenduak arinak edo larriak izan daitezke, norberaren eta familiarengan dituzten ondorioen eta gaitzaren bilakaeraren arabera.
DEFINIZIO BERRIA
Askotan, buru osasunari buruzko ikuspegi hori gure esperientziatik urrun dagoela pentsa dezakegu, batez ere sufrimendu-egoeran gaudenean. Hori dela eta, Agifesetik definizio berri bat sortzera animatu gara, ez hain formala, baina guztiontzat erabilgarria.
IMAJINATU
- Imajinatu buru osasuna, helmuga beharrean, bidea dela.
- Imajinatu buru osasuna gure pentsamenduak zaintzea dela.
- Imajinatu buru osasuna gure bizitzako uneak besteekin partekatzea dela.
- Imajinatu buru osasuna inguruan ditugun pertsonei entzutea dela.
Buru osasunak guztioi eragiten digu, adina, lekua eta abar edozein direlarik ere. Ez da soilik arazoren bat dutenek zaindu beharreko gauza, baizik eta guztiok kontuan hartu beharreko. Izan ere, OMEk ohartarazten du 4 pertsonatik 1ek buru nahasmenduren bat izango duela bizitzan zehar.
Errekuperazioan sinesten dugu. Buru nahasmendua duen pertsona bere prozesu terapeutikoaren eta hazkunde pertsonalaren erdigunean jartzen dugu, bera baita protagonista. Bizi-kalitate hori lortze aldera, babes desberdinak behar dituzte buru osasuneko arazoa duen pertsonak, familiak eta ingurukoek. Bakoitzarentzat berezkoa den espazioa eskaintzen diogu, bere beharrak elkarteak eskaintzen dituen programen bidez asetzen joateko.