Familia-giro egokia edukitzea oso garrantzitsua da buru nahasmendua duen pertsona errekuperatzen laguntzeko. Gainera, familiak tratamendua jarraitzen laguntzen dio. Horrez gain, ezinbestekoa da senide edo zaintzaileek ere euren burua zaintzea; beharrezkoak dituzten atsedenaldiak hartzea, eta profesionalen laguntza eskatzea. Izan ere, orekatuta eta indartsu sentitu behar dira senidearen bidelagun izateko.
Ohiko galderak
Buru nahasmenduen jatorrian faktore anitz egon daitezke, eta sarritan, ez ditugu ezagutzen. Burmuineko kimikan edota bestelako mekanismo biologikoetan gertatzen diren asaldurek, predisposizio genetikoek; ingurumen, kultur eta gizarte faktoreek, garunean gertatutako kalteek edota substantzia toxikoen kontsumoak eragin dezakete gaixotasuna sortzea eta garatzea. Baina ezin dugu zehaztasunez ezagutu zenbateraino eragiten duten faktore horiek, ez eta zein konbinazio ematen den kasu bakoitzean.
Buru osasun arazoa duten pertsonek hobekuntza nabarmena izan dezakete tratamendu egoki bati esker. Tratamendu medikoaz gain, oso garrantzitsua da psikoterapia egitea, pertsonak errazago aurre egin diezaien buru nahasmenduak dakartzan ondorioei.
Buru nahasmendua indarkeriarekin lotzeak ez du oinarri zientifikorik. Buruko gaixotasuna duten pertsonak oso egoera bakanetan izan daitezke gizartearentzako arrisku. Norberarekiko edo gertuko senideekiko jarrera erasokorrak gertaera jakin batzuen aurrean eta buru nahasmendu batzuekin soilik garatu daitezke, gaixo dagoen pertsonak tratamendurik hartzen ez badu.
Edonork izan dezake buru nahasmenduren bat. Beste gaitz askorekin gertatu bezala, guztiok dugu buru osasuneko arazoren bat izateko aukera. Zehazki, estatistikek diote munduan 4 pertsonatik 1ek buru nahasmenduren bat izango duela bizitzan zehar.
Bai, posible da. Tratamendu psikoterapeutiko egokiarekin eta, kasu batzuetan, botika tratamenduarekin lagunduta; ingurune sozial eta familiar lagungarriarekin eta errehabilitazio psikosozialarekin, buru nahasmendua duen pertsona batek eritasunaren mugak gainditu ditzake eta gai izan daiteke lan egiteko, harreman pertsonal egokiak edukitzeko, haurrak zaintzeko, etab.