Indarbide
Indarbide programa antsietate edo depresio sintoma arin edo moderatuak dituzten helduei edota emozioak erregulatzeko zailtasunak dituztenei zuzenduta dago. Helburua da ondoez emozionalari aurre egiteko, harreman pertsonalak hobetzeko eta eguneroko bizitzan oreka berreskuratzeko tresna praktikoak eskaintzea.
Portaeraren Terapia Dialektikoan oinarrituta dago programa, eta banakako zein taldekako saioak uztartzen ditu, eguneroko egoerak kudeatzeko trebetasunak ikasi eta lantzeko.
Indarbideren helburuak
- Pentsamendu errepikakorrak eta autokritika etetea: Arreta orainean jartzen ikastea, epaitu gabe, eta pentsamendu katastrofisten edo erruduntasunarekin lotutako pentsamenduen gurpil zoroak murriztea.
- Antsietate handiko uneak eta krisiak kudeatzea: Ondoez biziari aurre egiteko tresnak eskuratzea, egoerak saihestu edo blokeatu gabe eta inpultsiboki jokatu gabe.
- Apatia eta isolamendua gainditzea: Emozioen funtzioa ulertzea eta tristuraren nahiz beldurraren aurrean nola jokatu ikastea, motibazioa berreskuratzeko.
- Mugak ezartzea eta asertibitatez komunikatzea: Norberaren beharrak adieraztea eta argi eta garbi «ez» esaten ikastea, erruduntasun sentimendua, baztertua izateko beldurra eta antsietate soziala murrizteko.
Nola funtzionatzen du?
Indarbidek ikuspegi praktikoa eta parte-hartzailea du. Taldeko 8 saio eskaintzen ditu, gehienez 10 pertsonarentzat, baita banakako laguntza-saioak ere, talde-lanaren aurretik eta ondoren.
Programan zehar, parte-hartzaileek ikasitako trebetasunak praktikan jartzen dituzte, bai saioetan, bai eguneroko bizitzan, pixkanaka beren egunerokotasunean txertatzeko helburuarekin.
