Azaroaren 19an, astelehenean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren hirugarren filma proiektatuko da Donostiako Principe zineman, 19:30ean. Marion Cotillard aktorea protagonista duen ‘Dos días, una noche’ europar drama saritua proiektatuko da. Filmak depresioaren gaia aztertzen du, nahasmendu honek krisialdi ekonomikoarekin eta protagonistaren lan baldintzekin  duen harremana azpimarratuz. Proiekzioaren ondoren, psikologo batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

‘Berdingabea zara‘ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Azaroaren 5ean hasi zen zineforum zikloak azken saio bat izango du hilaren 26an, Donostiako Principe zineman, 19:30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.

Lau Oscar sari irabazi zituen ‘Una mente maravillosa‘ drama biografikoak eman zion hasiera ekimenari, azaroaren 5ean, eskizofreniak John Nash matematikariaren bizitzan izan zuen eragina aztertuz. Hilaren 12an suizidioaren gaia jorratu zen ‘Gente Corriente’ filmaren proiekzioarekin. Azaroaren 19ko emanaldiaren ostean, 26an nerabeen buru osasunaren inguruko hausnarketa egingo da zikloaren azken proiekzioan: ‘Las ventajas de ser un marginado‘.