Agifesek, bere 40. urteurrenean, buru osasunaren arloko baliabideak biltzen dituen Gipuzkoako lehen gida eta Etorkide programa aurkeztuko ditu
- Ekitaldia: ‘Buru osasuna eta etorkizuna: autonomia, laguntzak eta plangintza’
- Data: 17 IRA 2026
- Tokia: Donostia. Udaletxeko udalbatza aretoa
- Ordua: 17:30
_____________________________________________________________________
Parte-hartzaileak:
- Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua.
- Txaro Rodrigo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusia.
- María Jesús Idoeta, Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi ordezkaria.
- Andrea Gabilondo, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria.
- Agustín Eizagirre, Agifeseko presidenteordea.
- Verónica Pazos, gizarte-langilea eta Etorkide programaren arduraduna.
- Esther Ezponda, abokatua eta Agifeseko Zuzendaritza Batzordeko kidea.
- Mikel Merino, Agifeseko elkar-laguntzako agentea.
- Paloma de Casso, senidea eta Agifeseko senideentzako laguntza-talde bateko parte-hartzailea.
- Moderatzailea: Cristina Tapia, komunikazio arloko profesionala.
Sarrera librea eserlekuak bete arte.
Jardunaldia streaming bidez ere emango da Agifesen YouTubeko kanalean.
_____________________________________________________________________
Agifesek irailaren 17an aurkeztuko du, Donostian, ‘Buru osasuna Gipuzkoan’ gida, buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzat eta haien familientzat eskuragarri dauden laguntza, prestazio, zerbitzu eta baliabide nagusiak dokumentu bakarrean biltzen dituen lehen argitalpena. Gida formatu fisikoan zein digitalean kontsultatu ahal izango da, eta egungo laguntzei buruzko informazio argi eta osoa eskuratzea erraztea du helburu, pertsonek eta haien familiek eskura dituzten baliabideak ezagutu, erabaki informatuak hartu eta beren eskubideak baliatu ahal izan ditzaten.
Ekitaldian, gainera, Etorkide aurkeztuko da, buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei etorkizunaren plangintzan laguntzeko Agifesen programa berria. Ekimenaren xedea da pertsona bakoitzak, behar dituen laguntzekin, bere bizi-proiektua garatu ahal izatea eta berari eragiten dioten erabakietan parte hartzea, baita familia-sarea zahartzen, ahultzen edo eskuragarri egoteari uzten dionean ere.
Aurkezpena Agifesen 40. urteurrenaren testuinguruan egingo da, eta sektoreko zein erakunde nagusietako ordezkariak bilduko ditu. Bertan izango dira, besteak beste, Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; Txaro Rodrigo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusia; eta María Jesús Idoeta, Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi ordezkaria.
Andrea Gabilondo Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendariak ere parte hartuko du ekitaldian. Mahai-inguru batean hartuko du hitza, Mikel Merino Agifeseko elkar-laguntzako agentearekin eta Paloma de Casso senidearekin, 2018tik Agifeseko laguntza-talde batean parte hartzen duena.
Etorkizunari, erabakiei, laguntzei eta baliabideei buruzko mahai-ingurua
Topaketaren ardatz nagusietako bat etorkizunaren plangintzari buruzko mahai-ingurua izango da. Elkarren artean estuki lotuta dauden hiru ikuspegitatik landuko da gaia: pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen eta hori posible egiteko zer behar duen; gerta litezkeen krisiei nola aurrea hartu, pertsonaren autonomia, borondatea eta lehentasunak errespetatuz; eta zer eginkizun izan behar duten familiak, gizarte-sareak, osasun- eta gizarte-sistemek eta erakundeek bizi-proiektu horri denboran zehar eusteko.
40 urte pertsonei eta familiei laguntzen
Ekitaldia Agifesen 40. urteurrenaren baitan egingo da. Hain zuzen ere, elkartearen urteotako jarduerak agerian uzten du borondate irmoa duela buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta haien familien beharrak identifikatu eta erantzuna emateko.
Bere ibilbidean zehar, elkarteak lan egin du pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, haien autonomia eta komunitateko parte-hartzea sustatzeko eta buruko osasun arazoei lotutako estigma gainditzen laguntzeko. Helburu horiek lehen egunean bezain indarrean daude orain, eta erronka berriak planteatzen dituzte: pertsonen eta familien beharrei entzuten jarraitzea eta erantzunak ematea beren bizi-proiektuak aurrera eraman ahal izateko autonomiaz, eskubideak baliatuz eta behar dituzten laguntzekin.

