DSM-5 eskuliburuak polemika handia sortu du nazioartean gaixotasun mentalen sailkapenean barneratu dituen aldaketengatik. Zentzu horrentan, iragan uztailaren 19an, Donostian ospatutako Ebaluaketa Psikologikorako Europako 12. Kongresuaren baitan, dokumentu horren inguruko mahai-ingurua egin zen. Kongresuko presidente Itziar Alonso-Arbiol berak onartu zuen sailkapen berriak “pertsona gehiagok diagnostikoren bat edukitzea” dakarrela, diagnostiko positiborako irizpide gutxiago bete behar baitira. Horrek  eragin dezake medikazioan oinarritutako tratamenduak gizartean gehiegi zabaltzea, adituaren ustetan.

Psikiatriako Ameriketako Elkarteak maiatzean aurkeztu zuen Buru Nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Gidaliburua (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders), DSM-5 deiturikoa. 1994. urtean argitaratu zuten aurretiko bertsioarekin alderatuz, buru nahasmenduen antolaketan aldaketak egin dituzte, horiek bizitzako zein momentutan agertzen diren kontuan hartuz; hau da, garapenaren nahasteak lehenik eta neurokognitiboak azkenik.

Aditu asko ez daude ados “sailkapen ardatz” izenekoak desagerraraztearekin. Horren arabera, nortasunaren nahasmenduak (2. ardatza) nahasmendu klinikoen (1. ardatza) mailan jarri dituzte. Horrenbestez, lehenengoen ebaluaketa modua aldatu egin da eta protagonismo gehiago hartu dute.

Mahai-inguruan izan ziren Thomas Widiger (Kentucky University, USA), Antonio Godoy (Malagako Unibertsitatea), Laurence Claes (Catholic University of Leuven, Belgika), María Crespo (Madrildo Unibertsitate Konplutentsea), Saioa López Zurbano (Arabako Unibertsitate Ospitalea) eta Rocío Fernández-Ballesteros (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). 

 

Nortasun nahasmenduetan aditua denTom Widiger-ek nahasmendu horien sailkapenean egindako aldaketa aztertu zuen, kategorian oinarritutako planteamendutik dimentsioan oinarritutakora jauzia egin baitu DSM-5ak. Bere aburuz, jada ez da nahikoa izango kasuaren ikuspegi jarraitua edukitzea; profesionalak diagnostiko positiboa edo negatiboa ezarri beharko du.

 

Widigerrek diagnostikorako gidaliburua edukitzearen garrantzia azpimarratu zuen,”guztiok lengoaia bera erabil dezagun baliagarria baita”; baina liburu hori garatu duen batzordeak komunitate zientifiko eta profesionalarekin izan duen konexio eza salatu zuen. Planteatzen ari ziren sailkapenak gizartean izango zituen ondorioez ohartu ere ez lirateke egingo, adituaren hitzetan, Interneten erreakzio sendorik sortu izan ez balitz.

 

Bestalde, Godoy doktoreak nabarmendu zuenez, gogoan hartzekoa da DSMV gidaliburua diagnostikoa egiteko sistema bat dela. Komunitate zientifikoa, berriz, eskuliburu nosologiko edo psikopatologiko gisa hartzen ari da dokumentua, adituaren arabera. Esate baterako, aipatu zuen “aluzinazioak edukitzea eskizofrenia diagnostikatzeko irizpidea dela, baina hori ez dela nahikoa”. 

 

Modu berean, Claes doktoreak irizpide klinikoen zuzentasun falta jarri zuen mahai gainean. Adibide positibo gisa, elikaduraren nahasmenduetan subjektuaren intentzionalitatea kendu izana txalotu zuen, baina oso gogor kritikatu zuen DSM-5ak ez duela tratamendurako baliorik eta ikerketa konkretuetara bideratutako finantzazioaren eraginpean dagoela. Gainera, hiru proposamen egin zituen: gidaliburuaren berrikuspen zientifikoa egitea, diagnostiko berrien arrisku eta onurak neurtzea eta ebidentzietan -eta ez “beste arrazoi” batzuetan- oinarritutako liburu baten aldeko apustua egitea.

 

Bestalde, Crespo doktorea nahasmendu postraumatikoaz eta diagnostikoaren aplikazioaz mintzatu zen eta pazientearen sentiberatasun eta egoitza-faktoreak kontuan ez hartzearen ondorioez ohartarazi zuen. Horrez gain, jakinarazi zuen horrelako diagnostiko batean kausa-harremana agerikoa bada ere, batzuetan hori ez dela nahikoa nahasmendua ulertzeko. Diagnostikoa jasotzeko irizpideak betetzen dituzten pertsona askoren kasuan, irizpide horiek euren errekuperazio prozesuko parte besterik ez direla esan zuen. Ildo horretatik, pertsona horiek “patologizatzea” arriskutsua dela iritzi zuen, estigma sendotzen delako.

 

López doktoreak, azkenik, DSM-5ak jasotzen duen “desoreka disruptiboko nahasmendua” aztertu zuen. Nahaste hori “suminkortasun iraunkorra eta jokabidearen nahasmena”(amorrualdiak, astean hiru alditan gutxienez) dituzten haurrek jasaten dute. Eskuliburuaren zuzentasun zientifiko eznahikoa salatu zuen Lópezek, baina aipatu zuen diagnostiko berriak beharrezkoak direla tratamendua jasotzeko.