Nazioarteko hainbat adituk osasun agintariei zuzendutako txostena idatzi dute eskizofrenia duten pertsonei babes osoa eman eta gizarteratzen laguntzeko. Izan ere, munduan 26 miloi pertsonak baino gehiagok dute eskizofrenia. Roche indrustria farmazeutikoaren babesa duen dokumentu hori Bruselan aurkeztu diote Europako…
Adituek eskizofrenia tratatzeko baliabide gehiago eskatu dizkiote Bruselari
Nazioarteko hainbat adituk osasun agintariei zuzendutako txostena idatzi dute eskizofrenia duten pertsonei babes osoa eman eta gizarteratzen laguntzeko. Izan ere, munduan 26 miloi pertsonak baino gehiagok dute eskizofrenia.
Roche indrustria farmazeutikoaren babesa duen dokumentu hori Bruselan aurkeztu diote Europako Parlamentuko Buru Osasunaren, Ongizatearen eta Buru Nahasmenduaren inguruko Interes Taldeari. Celso Arango Buru Osasunaren Ikerketa Biomedikoaren Zentroko zuzendari zientifikoaren arabera (CIBERSAM), kolektibo honengan inbertitzea “ezinbestekoa” da, horrela “lehendabiziko gertakari psikotikoaren hasierako adina atzeratu daitekeelako eta horrek ondorio garrantzitsuak eragiten dituelako epe luzera pertsona horien pronostikoan”. Horregatik, komunitatean integratu ahal izateko babes handiagoa eskatzen dute, eta baita enplegu sistemak eta gizarte eta osasun prestazioak garatzen laguntzeko ere, errekuperaziorako ezinbesteko baldintzak baitira.
Txosten horrek aldizkako sentsibilizazio kanpainen alde egiten du apustu, gizarteak buru gaixotasunaren inguruko informazio gehiago izan dezan. Gainera, legegintzari dagokionez, eskizofreniarekin lan egiten duten profesionalei eta erakundeei kontsulta egitea proposatzen dute, aldian-aldian gaixotasun hori tratatzeko modua berrikusteko, eguneratzeko eta horren inguruko politikak hobetzeko.
Europako Parlamentuaren aurrean aurkeztutako talde lan horrek ikerketa lanak babes handiagoa behar duela azpimarratzen du, patologia horren alderdi guztiak kontuan hartuko dituzten tratamendu berriak garatu ahal izateko.
“Orain arte nahasmenduaren sintoma batzuentzat bakarrik eraginkorrak diren botikak ditugu, besteak beste, delirioak eta haluzinazioak artatzeko, baina ez ordea garrantzitsuak diren apatia, antisozialtasuna edota arazo kognitiboak tratatzeko”, nabarmendu du Arango irakasleak.
