Instituzioen, enpresen eta elkarteen esparruetako berrogeita hamar bat ordezkari bildu dira gaur Orona Ideon gure gizartearen erronka nagusienetako bati aurre egiteko: buru gaixotasuna duten pertsonen laneratzea. Izan ere, buruko osasun arazoak dituzten pertsonek langabezia tasa handienetarikoa duen kolektiboa osatzen dute,…
Instituzioek, enpresek eta elkarteek buru gaixotasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzeko irtenbideak aztertu dituzte
Instituzioen, enpresen eta elkarteen esparruetako berrogeita hamar bat ordezkari bildu dira gaur Orona Ideon gure gizartearen erronka nagusienetako bati aurre egiteko: buru gaixotasuna duten pertsonen laneratzea. Izan ere, buruko osasun arazoak dituzten pertsonek langabezia tasa handienetarikoa duen kolektiboa osatzen dute, Estatuan %85ra iristen den zifra. Buru osasunaren aldeko elkarteen Espainiako konfederazioaren datuen arabera, buruko eritasuna duten pertsonen %5k soilik du lanpostu egonkorra.
Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez, lau pertsonatik batek jasango du nahasmendu psikikoren bat bizitzan zehar. Konkretuki Gipuzkoan, urtero buruko eritasuna duten 26.000 pertsona artatzen ditu Osakidetzak eta 5.000 diagnostiko berri ere egiten ditu. Gainera, biztanleen %1k du eskizofrenia: 400.000 diagnostiko daude Estatu osoan, eta diagnostikorik ez duten pertsonen zifra askoz ere handiagoa dela uste da.
Agifeseko gerente Ruth Encinasek jardunaldiaren oso balorazio positiboa egin du. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lanbide, Osakidetza eta buru osasunaren aldeko elkarteak bertan izan dira industria, ostalaritza eta aholkularitza bezalako sektoreetako enpresa-arduradunekin batera. Hitzordua, Encinasen hitzetan, “oso pauso garrantzitsua eta beharrezkoa da gure kolektiboari zuzendutako lanpostu-eskaintza errealak sortzeko”.
Buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak antolaturiko eta ieTeam enpresak dinamizatutako jardunaldiaren inaugurazioan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek defendatu du “kolektibo honen laneratzea lehen mailako helburua” dela. Izan ere, “pertsonaren neurrira sortutako lanpostua da buruko gaixotasuna duen pertsonaren zein bere ingurukoen bizi-kalitatea hobetzeko elementu garrantzitsuenetariko bat”.
Hori dela eta, erakundeen erantzukizuna aipatu du, “kontratazioa suspertzeko eta lanpostuen jarraipena bermatzeko politikak” bultzatzea baitagokie. Enpresen kolaborazioa beharrezkoa dela ere jakinarazi du; izan ere, “sentsibilizazioa handitzen ari dela ikus badaiteke ere, momentu ekonomiko honetan aukera berriak dituzte buruko osasun arazoak dituzten pertsonei ate gehiago irekitzeko”.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak adierazi du langabezia tasa altua “errealitate itzulgarria” dela, eta baieztatu du “guztion ardura dela”, erakundeena, enpresena eta gizartearena, “Gipuzkoa inklusiboagoa” sortzea. “Beharrezko babesarekin, pertsona hauek beste edozeinek bezala lan egin dezakete”, baietsi du.
Jardunaldira bertaratuek hausnarketa egin dute diziplina anitzeko mahaietan banatuta eta kolektiboko hainbat pertsonaren parte-hartze aktiboarekin. Networking saioan mahai gainean jarri dituzte estigma, eta kolektiboko pertsonekin lan egiteak dakartzan abantaila zein oztopoak ere aztertu dituzte. Saioan zehar, laneratze esperientzia positiboen adibideak ezagutu dituzte. Besteak beste, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen arabar elkarteak, Asafesek, 200 lanpostu inguru sortu ditu buru gaixotasuna duten pertsonentzat; Gureak enpresak, berriz, 5.197 kontratu ditu egun, eta horien %52 desgaitasun psikikoa duten pertsonei dagozkie.
Jardunaldiko ondorio nagusien artean, azpimarratu dute garrantzitsua dela, enpresetan laneratzea sustatzeko, kanpoko profesional baten babesa edukitzea lan-munduratze prozesuan nahiz lan-bizitzan. Era berean, parte-hartzaileek azpimarratu dute enpresa-kulturan aldaketa beharrezkoa dela, kolektiboaren gaitasunak ulertzeko moduan aldaketa eraginez. Zehazki, hainbat partaidek nabarmendu dute, babestutako enpleguaz gain, garrantzitsua dela aterik ez ixtea, buruko osasun arazoak izanik ere, kualifikazio altuko eginbeharrak burutzeko prestakuntza eta gaitasuna duten pertsonei. Zentzu horretan, ekonomiaren hazkuntza-aurreikuspenez mintzatu dira hainbat lagun, eta langile kualifikatuen beharraren inguruan Mckinsey aholkularitza-enpresak egindako ikerlan bat ere aipatu dute. Horren arabera, 2020 urtean goi-mailako ikasketak dituzten 40 milioi profesional faltako dira munduan.
