Maiatzaren 16an, asteazkenean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren hirugarren filma proiektatuko da Bergaran, 20:00etan Zabalotegi aretoan. Ken Loach zinemagile britainiarrak zuzenduriko ‘Buscando a Eric’ komediak protagonistaren krisia kontatzen du, bikote-harremanean dituen arazoen eta seme-alabekin dituen liskarren ondorioz…
Krisian dagoen gizon baten irudipenak Agifesen Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloan
Maiatzaren 16an, asteazkenean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren hirugarren filma proiektatuko da Bergaran, 20:00etan Zabalotegi aretoan. Ken Loach zinemagile britainiarrak zuzenduriko ‘Buscando a Eric’ komediak protagonistaren krisia kontatzen du, bikote-harremanean dituen arazoen eta seme-alabekin dituen liskarren ondorioz sufritzen duen egoera. Protagonistak erreakzio originala izango du krisiaren aurrean: bere idoloa den Eric Cantona futbolariaren posterrarekin hitz egiten hasiko da, eta Cantona erreal bilakatu eta aholkulari moduan arituko zaio. Proiekzioaren ondoren, elkarteko sentsibilizazio batzordeko kideek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.
‘Berdingabea zara‘ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Maiatzaren 2an hasi zen zineforum zikloak azken saio bat izango du hilaren 23an. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.
Gizarte-bazterketa eta depresioa bezalako gaiak jorratzen dituen eta bi Oscar sari eskuratu dituen ‘El indomable Will Hunting’ drama estatubatuarrak eman zion hasiera ekimenari. Ondoren, nerabeen depresioa izan zen aztergai, maiatzaren 9an, ‘Una historia casi divertida’ pelikulari esker. Hilaren 16ko proiekzioaren ondoren, maiatzaren 23an, azken urteotako italiar zinemaren arrakasta handienetakoa proiektatuko da: ‘Locas de alegría’.
