Administrazioaz eta harrera egiteaz arduratzen den Bakartxo Sukuntzari elkarrizketa.
«Beharra dutenei benetan laguntzeko gai naizela sentitzen dut Agifesen»
Duela gutxi batu zara Agifeseko lantaldera. Zer nolako esperientzia izaten ari da?
Bost hilabete inguru daramatzat eta oso pozik nago, ongi etorria sentitu naiz. Lankideak laguntzeko prest izan ditut hasieratik eta giro polita daukagu.
Zer ibilbide profesional izan duzu orain arte?
Administrari eta idazkari lanetan aritu naiz oso alor desberdinetan. Azken urteotan, berriz, mediku kontsultetako harreretan egin dut lan, eta esperientzia hori oso baliagarria izan zait lanpostu honetarako. Izan ere, pazienteen eta erabiltzaileen harrerak badu antzekotasunik: hitzorduak kudeatzea, eskaerei irtenbidea ematea edo lehen pausoak ematen laguntzea… Jendeak nolabaiteko ondoezarekin jotzen du gugana eta laguntza jasotzerakoan esker onekoak izan ohi dira. Garraiobideen alorrean ere egin izan dut lan eta oso desberdina da: askok haserre deitzen zuten, erreklamazioekin… Hemen askoz ere goxoagoa da tratua.
Nola deskribatuko zenuke Agifesen egiten duzun lana?
Administrari zein idazkari ardurak ditut eta harrera kudeatzen dut. Elkartera jotzen dutenek entzuten duten lehen ahotsa eta ikusten duten lehen aurpegia naiz.
Zein dira zure egitekoaren erronka nagusiak?
Garrantzitsuena pertsonekin ahalik eta komunikazio argiena izatea da. Batzuetan ez da erraza telefonoaren bestaldean dagoenak zehazki zer nahi duen ulertu eta bideratzea, jende, zerbitzu eta baliabide ugari kudeatzen baititugu.
Eta gehien atsegin duzuna?
Beti gustatu izan zait jendaurreko arreta, eta Agifesen oso atsegingarria da. Benetan laguntzeko gai naizela sentitzen dut hemen. Aspaldidanik nuen gizarte-arloan lan egiteko gogoa, eta orain aukera hori dudala leku egokian nagoela sentitzen dut. Izan ere, benetako beharra duten pertsonei babesa ematea dagokit, eta hori izugarri aberasgarria da.