Urtebete inguru daramazu Agifesen. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso positiboa. Hasieran espektatiba, beldur eta zalantzekin hurbildu nintzen, nire burua profesional gisa frogatzeko aukera zelako. Zorionez, esperientzia oso aberasgarria izan da eta pila bat ikasten ari naiz.

Aurretik zer ibilbide egin duzu?
Gaztedi elkartean boluntario aritu nintzen hainbat hilabetez. Han, Psikologian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan nuen: hitzaldiak eman eta nerabeekin banakako saioak ere egiten nituen. Gero, Valentziako unibertsitatean master bat egin nuen online, eta praktikak Agifesen gauzatzeko aukera lortu nuen.

Zein da zure egitekoa elkartean?
Praktikaldia Zeuk Aukeratu programan egin nuen, eta ondoren, laguntza-etxebizitzetan eta komunitate arloko arreta psikologikoan lan egiteko aukera sortu zen. Egunerokoan agertzen diren zailtasunak lantzen ditugu, bizitza egituratua eramateko, emozioak kudeatzeko edo bizikidetza osasuntsuak sortzeko. Betiere, pertsona bakoitzaren beharretara egokituta eta bere ongizatea eta autonomia sustatzeko helburuarekin.

Zer duzu gustukoen zure lanean?
Pertsonen errealitateak ezagutzea. Betidanik interesatu zait jokabide bakoitzaren atzean zer dagoen jakitea eta baita lagundu ahal izatea ere.

Lanpostu honetan zer ikasi duzu bereziki?
Unibertsitatean landutakoa testuinguru erreal batean kokatzeko aukera izan dut. Teorian egoera bat modu jakin batean irudika dezakegu, baina gero errealitatean konturatzen zara oztopo eta baldintza asko daudela. Egoera bakoitza ahalik eta ondoen aztertu eta nola lagundu bilatu behar dugu. Batzuetan, laguntza eskatzea edo programa batean parte hartzeko prest egote soila aurrerapauso handia da.