Iratxe Etxenike, Agifeseko psikologoa
«Egoera zailetan daudenen entzule eta bidelagun bihurtzea oso aberasgarria da»
Agifesen psikologo taldeko kide berrienetakoa zara…
Bai, iazko maiatzean iritsi nintzen elkartera. Hezitzaile gisa hartu ninduten Komunitatean Autonomiaz Moldatzeko Laguntza programan, eta ostera, psikologo lanetan hasi nintzen. Egun, Zeuk Aukeratu programan ere parte hartzen dut, Irati Ugarte psikologoarekin batera, eta ikastetxeetara joaten gara prebentzio eta sentsibilizazio saioak ematera.
Zer ibilbide profesional egin duzu elkartean hasi aurretik?
2021. urtean Biziraun elkartera batu nintzen. Bertan, suizidioagatik senideren bat galdu duten pertsonekin egiten dugu lan, eta talde-dinamikak gidatzeaz arduratzen naiz, besteak beste. Horrez gain, unibertsitatean ere banabil ikerketa-lan bat gauzatzen. Proiektu bat aurkeztu genuen Etorkizuna Eraikiz deialdira, doluan dauden pertsonen behar ezberdinak aztertzeko eta esku-hartze eraginkorrenak identifikatzeko helburuarekin.
Zer da zure jardun profesionalean gehien baloratzen duzuna?
Pertsonen aniztasunak liluratzen nau gehienbat. Diagnostiko berbera duten pertsonek ere testuinguru eta errealitate desberdinak dituzte, eta horrek eskatzen dit haien mundura eta egoerara banan bana hurbiltzea, bakoitzaren beharrak ondo ulertu eta ahalik eta laguntza eraginkorrena eskaini ahal izateko. Erronka polita da.
Lan honek pertsona eta profesional bezala zertan aberasten zaituela esango zenuke?
Nire egunerokoan gehien atsegin dudana pertsonekiko gertutasun hori da; elkarren arteko konfiantza-espazioa sortzea eta, horri esker, haien esperientzia intimoenen entzule bihurtzea oso eskertzekoa da, benetan. Egoera zailetan dauden pertsonek beren konfiantza nigan jartzea, euren bidelagun bilakatzea eta aurrera egiten lagundu ahal izatea oso aberasgarria eta baliotsua da niretzat.
