Arrasateko Buruzaintza Elkargunea lehen urratsak egiten ari da. Hilabeteotan, erabiltzaileekin batera ari gara espazioari forma ematen, elkar ezagutzen, jarduerak proposatzen eta, pixkanaka, errekuperazioa eta ongizatea komunitatetik sustatzeko topagunea eraikitzen. Ainhoa Azkue psikologoarekin hitz egin dugu proiektuari buruz.
«Espazio hurbil eta ez-klinikoa sortzen ari gara Debagoienan»
Arrasateko Buruzaintza Elkargunea lehen urratsak egiten ari da. Hilabeteotan, erabiltzaileekin batera ari gara espazioari forma ematen, elkar ezagutzen, jarduerak proposatzen eta, pixkanaka, errekuperazioa eta ongizatea komunitatetik sustatzeko topagunea eraikitzen. Ainhoa Azkue psikologoarekin hitz egin dugu proiektuari buruz.
Nolakoa izaten ari da Elkargunearen hasierako fasea?
Oso polita. Momentu honetan erabiltzaile gutxi ditugu, eta elkarrekin ari gara espazioa apaintzen eta geure egiten. Gehienak ospitalean ingresatuta daude eta astean ordu batzuk ematen dituzte gurekin, baina Elkargunea ez da ospitaleratuta daudenentzat soilik: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei eta haien senideei irekita dago.
Zer aurkitzen dute bertara etortzen direnean?
Espazio hurbil, goxo eta ez-klinikoa eskaini nahi dugu; epairik gabeko lekua, guztiak eroso sentitzeko. Helburua pertsonen ongizatea sustatzea da, eta beste modu bateko harremanak sortzeko aukera eskaintzea.
Nolakoa da Buruzaintza Elkarguneko egun bat?
Astearte eta ostegunetan egiten ditugu ekintzak. Astearteetan Arrasaten geratzen gara eta ostegunetan inguruko herrietara irteten gara. Hitz egin, paseatu, kartetan jolastu… Taldearen gogo eta beharren arabera erabakitzen dugu zer egin.
«Sozializatzeko zailtasunak dituztenei harremanak beste modu batean sortzeko aukera ematen die gune honek»
Zertan laguntzen die programa honek erabiltzaileei?
Esaten digute taldeak laguntzen diela beldurra ematen dieten gauzak egiten. Batzuk aspalditik ez ziren herritik ateratzen, eta orain beste toki batzuk ezagutzen ari dira. Sozializatzeko zailtasunak dituzten pertsonei harremanak beste modu batean sortzeko aukera ere ematen die.
Eta hemendik aurrera?
Oraindik asko dugu eraikitzeko eta proiektua gehiago ezagutarazi behar dugu. Elkargunea irekia eta irisgarria izatea nahi dugu; pertsona oro ongietorria izatea eta bere ekarpena entzuten dela sentitzea. Elkarrekin ari gara espazioa sortzen eta, bidean, elkarrekin ikasten.
TOPAGUNE KOMUNITARIOA
Elkargunea buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien senideei harrera, orientazioa eta laguntza eskaintzeko espazioa da. Besteak beste, familien harrera, laguntza-taldeak, aisialdi komunitarioko jarduerak eta errekuperazio-prozesuan dauden pertsonentzako babesa eskainiko ditu.
PARTE HARTU NAHI DUZU?
Zatoz Elkargunea ezagutzera!
- Lekua: Iturrioz kalea, 43. Arrasate.
- Arreta egunak: Asteartea eta osteguna.
- Ordutegia: 16:30-18:45.
- Telefonoa: 943 47 43 37.

