Iratxe Etxenike Agifeseko psikologoa eta Biziraun elkarteko kidea da. Aita suizidioagatik galdu zuen 2020an, eta ibilbide sakona egiten ari da doluan daudenei laguntzeko.
«Ez dago hitz magikorik, baina entzuteak laguntzen du»
Atzera begira, zer eragin izan zuen aitaren suizidioak zure bizitzan?
Gure kasuan, hiru ginen: ama, aita eta ni. Eta aitaren galerak familiaren nukleoa hautsi zuen; hortaz, hutsetik hasi behar izan genuen, beste bizitza bati ekin. Hutsune hori ez da betetzen; bizimodua aldatu beharra dago.
Zerk lagundu dizu aurrera egiten?
Batik bat, hasieratik gaiaz hitz egin ahal izateak. Bereziki, amarekin dudan harremana oso aberasgarria da, eta unibertsitatean eta lagunartean ere askatasunez solasteko aukera izan dut.
Suizidioaren ondoren, Biziraun elkartera batu zinen. Nola izan zen prozesu hori?
Hasieran laguntza bila gerturatu nintzen, eta denborarekin ardura gehiago nireganatzen joan naiz, boluntario gisa. Elkartea berdinen arteko espazio bat da, bertan gauden guztiok pasatu baikara antzeko tunel batetik. Azken urteetan rol isilagoa dut eta koordinazio-lanetan ari naiz.
Ikertzaile bezala ere bazabiltza doluan dauden pertsonen beharrak aztertzen.
Bai, Psikologia Fakultatetik abiatutako ikerketa da, Etorkizuna Eraikiz programaren babesarekin. Suizidio bidez norbait galdu duten pertsonen dolu-prozesuak aztertzen ditugu, ebidentzian oinarritutako literatura zientifiko oso gutxi baitago. Helburua da ikertzea zer nolako prozesuak pasatzen ari diren, eta zer ezaugarri, behar eta zailtasun konkretu dituzten. Izan ere, ezberdintasun handiak daude adinaren, generoaren eta pasatako denboraren arabera. Horretan oinarrituta, esku-hartze egokiagoak diseinatzea nahi dugu.
Suizidioari dagokionez, zein erronka ikusten dituzu Gipuzkoan?
Behar handia dago arlo guztietan: prebentzioan, interbentzioan eta posbentzioan. Jendeak ez daki nora jo, instituzioek ez dute gai hau osotasunean jorratzen, eta, askotan, zuzenean bideratzen dute jendea Biziraunera. Gure alorra posbentzioa da eta baliabide gabezia handia dago. Gainera, boluntario elkarte batek hainbesteko lan karga hartzea ez da jasangarria epe luzera. Horregatik, profesionalizazio prozesu bat jarri berri dugu martxan.
PREBENTZIORAKO GAKOAK
- Edonori gerta dakioke. “Askok uste dute suizidioa familia desegituratuetan gerta-tzen dela. Baina ez du zertan. Gure aita, kanpora begira, ondo zegoela zirudien”.
- Itxuraz gehiegi ez fidatu. Askotan ez gara ohartzen jendearen egoeraz. Karetak jartzen ditugu bizirauteko, eta horrek neke eta desgaste handia dakar.
- Seinaleei adi egon: pertsonaren jarreran aldaketak gerta daitezke ondoezaren ondorioz, eta ez dira beti erraz antzematen: adibidez, lo egiteko arazoak, elikadura-ohiturak aldatzea, interesa galtzea gauzetan, lagunekin edo familiarekin gutxiago egotea…
NOLA LAGUNDU SUFRITZEN ARI DEN PERTSONA BATI
- Benetako denbora eskaini. Testuinguru segurua sortu, eta apurka tiraka hasi.
- Ez dago hitz magikorik, baina entzuteak eta ondoan egoteak laguntzen du.
- Galdera orokorretatik hasi eta poliki sakondu. Pentsamendu negatiboak baditu, heriotzarekin lotutako ideiak ote dituen galdetu.
- Konfiantza eskertu, horrelako gauzak ez baitzaizkio edonori kontatzen.
- Suizidioan pentsatzen ari dela onartuz gero, pertsona-sare bat sortzen lagundu, helduleku gehiago izan ditzan.
NOLA LAGUNDU DOLUAN DAGOENARI
- Bi aldiz pentsatu hitz egin aurretik min ez emateko. “Ez zineten ohartu?” bezalako esaldiek errua areagotu dezakete.
- Gertutasuna adierazi ekintzez: bizkotxo bat ekarri, ondoan eseri, isilik egon… Beraietaz arduratzen garela transmititu.
