Maider Arruti Ikus-entzunezko Errealizazioko ikaslea eta Agifesen Zeuk Aukeratu programako kidea da. Bere lehen film laburra aurkeztu berri du, Barruko dardara, agorafobiari buruz hitz egiteko. Buru osasuneko arazoak gertutik ezagutzen ditu eta ikusgarritasuna eman nahi die.

Aurkeztuko al diguzu zure film laburra?
Agorafobia duen neska bati buruzkoa da. Bere helburua psikologoarengana iristea da, eta prozesu horretan topatzen dituen zailtasunak erakusten dizkigu, hain zuzen.

Nola sortu zen lan hau egiteko ideia?
Duela bi urte denboraldi bat eman nuen ospitalean eta han hasi nintzen idazten. Pasa den urrian lana gauzatzea erabaki nuen, eta gidoia berriro irakurtzen eta garatzen hasi nintzen.

Laguntzarik jaso al duzu?
Bai, nik ez ditut ekoizpenarekin lotutako ikasketak, baina Instagramen Gipuzkoako Foru Aldundiak gazteen proiektuei laguntza ematen ari zela ikusi nuen. Gidoia aurkeztu nuen eta, hainbat fase pasa ondoren, laguntza jaso nuen. Gero, ekoizpenaz eta soinuaz arduratuko ziren pertsonen bila hasi nintzen Instagramen.

Ikus-entzunezkoen garapenean formakuntza baduzu.
Hala da, bai. Escivin Erdi Mailako Bideo Dj zikloa ikasi nuen eta, egun, Ikus-entzunezko Errealizazioko Goi Mailako ikasketak amaitzen ari naiz.

Zerk eraman zaitu lan honetan buru osasunaren inguruan hitz egitera?
Hasteko, nire esperientzia per-tsonalak bultzatu nau. Duela hiru urte anorexia izan nuen, eta gero antsietatea, depresioa eta agorafobia. Bestalde, sare sozialek ere eragina izan dute; izan ere, askotan ikusi dut jendea agorafobiaz super pozik hitz egiten eta dirua irabazten, eta erakutsi nahi nuen dena ez dela horren polita; batzuetan urteak pasatu behar direla sendatu arte. Arazo hori duen pertsona baten errealitatea eta sufrimendua islatu nahi nuen.

Nola iritsi zinen Agifesera?
Psikologo askorekin egon ondoren, Agifes ezagutu nuen internet bidez. Laguntza behar nuela jakinda, inori esan gabe, elkartearekin harremanetan jartzera animatu nintzen. Uste dut hemen izan dela psikologo batekin benetan ireki naizen lehenengo aldia.

Zerk lagundu dizu gehien?
Batez ere, Zeuk Aukeratuko taldean gaudenean gehiago baloratzen naizela esango nuke. Bertan ikusten dut ez naizela arazoak dituen pertsona bakarra, eta horrek aurrera egiten laguntzen dit.

Zer moduz zaude gaur egun?
Ez da erraza galdera horri erantzutea. Momentu honetan arraro sentitzen naiz, ez ondo ez gaizki. Mundu guztiak bezala gorabeherak ditut, eta orain urduri eta antsietatearekin nago proiektua jendaurrean erakusteagatik.

Ba al duzu ametsik?
Bai, ni oso ameslaria naiz. Nahasmendu honi ikusgarritasuna eman nahi diot eta, horregatik, film labur hau ahalik eta jende gehiagorengana hurbiltzea nahi dut. Horrez gain, lan gehiago idatzi nahi ditut; film luze bat, agian. Eta ahal bada, aktore ezagunekin lan egitea gustatuko litzaidake.