Ainhoa Azkue Agifeseko psikologoari elkarrizketa.
«Gizarte bezala, estigma gainditzeko lanean jarraitu behar dugu»
Urte eta erdi inguru daramazu elkartean. Nola baloratzen duzu esperientzia?
Oso aberasgarria zait, bai maila profesionalean bai pertsonalean. Hasieran ziurgabetasun apur batekin hasi nintzen, baina pixkanaka konfiantza hartzen eta nire tokia aurkitzen joan naiz. Denbora honetan, errealitate ezberdinak ezagutu ditut gertutik, eta ikasi dut pertsona bakoitzaren prozesua bakarra dela; horrek esku-hartze malguak eta entzute aktiboa eskatzen ditu.
Zein ibilbide egin duzu Agifesera iritsi aurretik?
Psikologiako ikasketak osatzeko praktikaldiak egin nituen emakume elkarte batean eta etxegabetasun arloan, eta errealitate zaurgarrietan murgiltzeko aukera izan nuen. Bestalde, urteetan zehar rol aktiboa izan dut herri mugimenduekin eta feminismoarekin loturiko espazioetan. Horri esker, trebetasun desberdinak landu ahal izan ditut, koordinazio, talde-lan eta dinamizazio zereginetan aritu bainaiz maiz.
Zein da zure eginkizuna Agifesen?
Programa desberdinetan esku har-tzen ari naiz: Eibarko errehabilitazio psikosozialeko zentroan, laguntza-etxebizitzetan, senideen laguntza-taldeetan eta banakako arretan. Alor guztietan helburu bera dugu: pertsonen ongizatea, autonomia eta bizi-kalitatea sustatzea. Bereziki atsegin dut konfiantzazko harremanak sortzea. Izan ere, pertsonak, entzunak eta ulertuak sentitzen direnean, eta aukera eta baldintza psikosozial egokiak dituztenean, aurrera egiteko gai dira.
Lan honek zertan aberasten zaitu?
Esperientzia luzeagoa duten lankideengatik ikasten ari naizenarekin oso eskertuta nago. Gainera, ikuspegia zabaltzeko aukera izan dut: buruko osasun arazoak dituzten pertsonek jasaten dituzten estigmaz eta oztopo ugariez jabetu naiz. Gizarte bezala, errealitate hori aldatzeko lan egiten jarraitu behar dugu, pertsona guztiek beren ahotsa izan dezaten eta dagokien espazioa har dezaten.
