Agifeseko laguntza-talde batean parte hartzetik elkarteko langile izatera egin zenuen jauzi. Nola izan zen prozesu hori?

Hiru urte eman nituen nahasmendu bipolarreko pertsonen talde batean, eta hobera egin nuen nabarmen. Baina konturatu nintzen gehienek ikuspegi ezkorra zutela buruko osasun arazoen inguruan, begirada zailtasunetan jarrita zutela eta ez errekuperazioan.

Hala, Iker psikologoarekin hizketan, osasun mental kolektiboari buruzko graduondoko bat egiteko ideia sortu zen, eta nire errealitatean sakontzeko gogoa nuenez, aurrera egin nuen. Ikasketen amaierako lanean, Agifesen berdinen arteko laguntzan oinarritutako zerbitzu bat sortzeko proiektua osatu nuen, eta Andaluzian peer to peer ereduan sakontzeko prestakuntza bat burutu ondoren, elkar laguntzako programa abiarazi genuen elkartean.

Nola azalduko zenuke elkar laguntzako agentearen rola?

Nire eginkizuna itxaropena transmititzea da. Nik neuk errekuperazio prozesua egin dut, eta baieztatu dezaket posible dela norbere bizitzaren agintea hartzea eta ondo sentitzea. Buru osasunarekin loturiko zailtasunak dituzten pertsonen bidelagun naiz; harreman erabat horizontala sortzen dugu.

Urteotan ikasi duzun zerbait azpimarratuko zenuke?

Pertsonei begiratzeko modua oso garrantzitsua da. Arreta euren egungo mugetan jartzen badugu, berdin jarraituko dute, baina fokua beren potentzialean ipiniz gero, izan daitezkeen horretan bihurtuko dira. Horretan nabil, pertsonak euren gaitasunez jabetu daitezen laguntzen.

Ze mezu helaraziko zenioke sufritzen ari den norbaiti?

Gaizki gaudenean zaila da ikustea, baina etorkizunak gauza ederrak ekar diezazkiguke. Beti daude amore ez emateko eta aurrera jarraitzeko arrazoiak.