Lehen pertsonan

Buru gaixotasuna duten pertsonen ekarria azpimarratu nahi dugu atal honetan: geure duintasuna, balio pertsonala eta gizarte nahiz lan munduan ekarpena egiteko gaitasuna aldarrikatu nahi ditugu.

"Abilezia dut baratzean: landareak zaintzea eta barazkiak biltzea gustuko dut"

Ixiar Iraola baratzezain trebea da. Ortua txikitatik ezagutzen du, amonak eta gurasoek lurra lantzen baitzuten, eta azken urteotan, bere jaioterria den Hernanin kokatua dagoen Karabeleko nekazaritza etxaldeko erabiltzailea da. Egunero joaten da hara, gaitasun psikosozialak hobetu eta, etorkizun laboralari begira, lana aurkitzen lagunduko dioten gaitasun praktikoak eskuratzera.

Karabelekoko jardunari buruz hitz egitean, aurpegia pizten zaio, lurrarekin kontaktuan egoteak mesede handia egiten baitio: “Abilezia dut baratzean: landareak zaintzea eta barazkiak biltzea gustuko dut”. Eta lan egiteko orduan erakusten duen mimo handiari esker, etxaldean bertan hainbat kontratu izan ditu, laguntza behar izan den sasoietan.

Zinema, kirola eta janari ona

Gastronomia ere oso gustuko du: “ondo jatea” atsegin duela onartzen du. Izan ere, iraganean sukaldeko laguntzaile bezala lan egindakoa da. Bestalde, zinema bere beste pasioetako bat da eta igandero pelikula batez gozatzen du Hernaniko kultur etxean. Gainera, asko disfrutatzen du igeri egiten eta Karabelekoko lagunekin kafea hartzen.

Bere erronka nagusietakoa zeinuen hizkuntza ikastea da, asko interesatzen baitzaio eta belarri batean entzumena galtzearen ondorioz etorkizunean lagungarri izango zaiola uste baitu.

Baratzeko lagunak

Ixiar poz-pozik dago etxaldeko lankideekin. Berdingabeak diren pertsonez galdetzen diogunean, ukitu berezia duten gertuko lagunez, izen asko datozkio burura. “Oso gustura nago Javirekin, nirekin oso adeitsua eta atsegina baita. Jakesekin egotea ere gozamena da: 20 urte ditu bakarrik eta oso dibertigarria eta maitekorra da”. Asko gozatzen du ere Maiteren eta Eiderren konpainiarekin. Azken hori “oso atsegina eta irekia da” dela dio, eta Aitziber, berriz, “itzela da eta oso azkarra”.

Behin konfiantza hartuta, oso gustuko du jendearengandik gertu egotea, “barre batzuk egin eta txantxetan aritzea”. Zentzu honetan, Agifesera iritsi zenetik aldatu egin dela baieztatzen du: lehen isilagoa zen eta lankideekin hitz egitea kosta egiten zitzaion; orain, aldiz, oso lasai dago haiekin. Etorkizunean, bikotekidea izatea eta euskara ikastea gustatuko litzaioke.

"Barrea oso erraz irteten zait eta ingurukoei barregura eragiten diet"

Alaitasuna da Yolanda Barreiroren ezaugarri nabarmenetarikoa. “Barrea oso erraz ateratzen zait eta ingurukoei barregura eragiten diet”, ziurtatu du Donostiako auzotar honek. Hainbat urte daramatza nahasmendu bipolarra duten pertsonentzako laguntza talde batean, Agifes elkartearen barne. Esperientzia hori lagun berriak egiteko baliagarria izan zaiola dio, baita bere burua ezagutzeko erremintak eskuratu eta gaixotasuna menderatzeko ere.

Unea bizi

Bere egunerokoa jardueraz beteta dago. Garbiketaren gremioan lan egiteaz gain, mota guztietako ekintzetan parte hartzen du. Zumba eta Pilates klaseetan asko gozatzen du, lagunekin irtetea gustatzen zaio, baita familiak Nafarroan duen herrian erlaxatzea ere. Sare sozialak miatzea ere atsegin du eta barrea eragiten dioten telebistako programekin entretenitzen da, bikotekide bila lehenengo aldiz elkar ezagutzen duten pertsonen saio horrekin, adibidez. Eta, batez ere, gehien balioesten duena “unea bizitzea” da, egunean egunekoa; bizitzaz “ahal den guztia disfrutatzea”.

Yolandari izugarri gustatzen zaio hitz egitea eta, hain komunikatzaile ona izanik, inoiz jendaurrean mintzatzea ere egokitu zaio, ehunka pertsonaren aurrean. Esatari gisa aritzen da ere Why Not fundazioaren irratian eta aktiboki parte hartzen du orotariko ekintzatan: ingelesa, frantsesa, irakurketa erraza, barreterapia, musikaterapia, etab.

Entzule ona eta enpatikoa

Yolandak jenio txarra duela aitortzen du, baina, hala ere, enpatia handia du ingurukoekin eta entzule ona da: “Hilabete eta erdi ospitaleratua egon nintzen behin, krisialdi larri baten ondoren, eta han ikasi nuen inguruan gertatzen zen guztiari so egiten”. Orain ikasketak egitea erabakiko balu, psikologia edo erizaintza aukeratuko lituzkeela aipatu du, gaixo dauden pertsonei laguntzea egokitu zaiolako behin baino gehiagotan. “Pazienteekin solas egiteko erraztasuna daukat; eritasunaz haratago, hobeto sentiarazten laguntzen dieten gaiez hitz egitea gustatzen zait”, dio.

Alde guztietatik mimatua

Egia esanda, bere ibilbidea ez da erraza izan. Gaur egun erakusten dituen poztasuna eta optimismoa errekuperazio prozesu neketsuaren fruitu dira. Izan ere, depresio sakonak eta antsietatea pairatu ditu iraganean.

Hala ere, orain zoriontsu sentitzen da inguruan duen pertsona sare zabalagatik: gurasoak, ahizpak, Osakidetzako erizaina eta psikiatra, Agifeseko psikologoa… “Alde guztietatik mimatua nago. Laguntza behar dudan guztietan badut norengana jo”, adierazi du.

Ahizpa txikia bereziki miresten du, arazoei heldutasunez aurre egiteko gaitasuna baitauka. “Nirekin hitz egiteko eta laguntzeko modua atsegin dut… Bera bezalakoa izatea gustatuko litzaidake”, gaineratu du irribarrez.

Baratzezaintzaren zalea, arretasua eta heldua

Javi gizon apala da eta asko maite dute Karabelekoko lankideek, Hernaniko ekonekazaritza etxaldean baratzeterapian aritzen diren lagunek, alegia. “Irekia, lagunkoia, heldua eta oso behatzailea” dela diote, baita laguntzea eta besteen arazoak entzuteko tarteak aurkitzea atsegin duela ere.

Javi, bere lankide Ixiarren moduan, oso eroso eta trebe sentitzen da baratzarekin kontaktuan, eta sukaldean ere ederki moldatzen da. Telebistan pilota eta futbola ikustea gustuko du, eta Aimar Olaizola pilotariaren eta Erreala eta Barça futbol-taldeen jarraitzailea da.

Era berean, Karabelekoko eta Andoaingo lagunekin ateratzea atsegin du. Gainera, etxaldean astean hiru aldiz laguntza emateaz gain, beste bi egunetan Agifesek Donostian duen Aisialdi eta Denbora Libreko programan ere parte hartzen du, baita talde horretako kideek larunbat arratsaldean antolatzen dituzten jardueretan ere.

Nerabe baten aita da Javi eta, orain osasunez hobeto dagoela, alabarekin denbora gehiago pasa nahiko lukeela aitortzen du, nahiz eta gaztetxoa “lagunekin ateratzeko adinean” egon. Bere desioetako bat da, halaber, itsasontzi-bidaia egitea.

Lagun handiak

Jendearekin harremanetan, tratu zintzoa eta hitz onak jasotzea garrantzitsua da beretzat. Oso gustura dago jendartean, errespetatua eta ulertua sentitzen denean, bere gurasoekin, anaiekin eta Manu eta Enrique lagunekin gertatzen den bezala.

Karabelekoko kideen artean Jota dago, eskola amaitzean bistaz galdu zuen adiskidea eta Karabelekon aurkitu berri duena. Bestalde, Ixiarren zintzotasuna atsegin du: “bere izaera eta zein maitekorra den” baloratzen du. Eiderrekin ere barre asko egiten du: “Lurrikara baten modukoa da eta bere bigarren aita naizela dio”.

“Baketsua eta sentibera naiz”

Younesi aurpegia argitzen zaio reggaeaz, bere musika gogokoenaz, hitz egiten duenean. Bob Marley eta Alpha Blondy izugarri gustatzen zaizkio, baita musika elektronikoa ere. Paseatzeko, telebista ikusteko eta lagunekin geratzeko aprobetxatzen du denbora librea.

Bere buruaz gehien gustatzen zaiona bere izaera lasaia da: “Ez naiz inorekin haserretzen. Baketsua eta sentibera naiz”, dio. Indartsu sentitzen denean, lan merkatura itzultzea du helburu, eta esperientzia duen gremioetako batean aritzea. Hainbat urtetan egon zen Gureak-eko lantegi batean eta obran ere lan egin du.

Hondarribian bizi da Younes eta Agifesera duela lau urte iritsi zen. Egunero errehabilitazio psikosozialerako Ibiltzen Buenavista zentrora doa, Donostian; eta bertan ahalmen kognitiboak eta eguneroko bizitzarako trebetasunak hobetzeko jarduera terapeutiko ugaritan parte hartzen du. Urte hauen guztien lanari esker, gaur egun “lehen baino askoz hobeto” dagoela aitortzen du. Izan ere, harro dago ez duelako toxikorik kontsumitu bere errekuperazio prozesua elkartean hasteko konpromisoa hartu zuenez gero.

Lagun berdingabeak

Egun, bakarrik bizi da pisu batean eta bere euskarri handienetarikoa dira lagunak. Maiz bere bizilagun batekin, Cristinarekin, geratzen da afaltzeko edo zerbait hartzeko. Hark ere buruko gaixotasuna lehen pertsonan ezagutzen du eta, beraz, ezin hobeto elkar ulertzen dute. Gainera, irribarrea azaltzen zaio Rafaz hitz egiterakoan. Irungo lagun horrekin geratzea asko gustatzen zaio, “oso jatorra” dela eta “eguna pozten” diola baitio.

Etorkizunera begira, lanpostu bat aurkitzeaz gain, Marokora itzultzea gustatuko litzaioke aita bisitatzera.

“Eskuekin abilezia dut. Etorkizunean masaje areto bat ireki nahiko nuke”

Nuriak berezko talentua du eskuekin. Bere alaba Evelynekin marraztu eta margotzen du, eta arkatzez edo ikatz-ziriz egindako marrazki artistikoak eta eskulanak ere gauzatzen ditu. Nuriaren iritziz, eskuarekin egindako lan artistiko guztiak dira ekintza lasaiak eta atseginak. Gainera, duela aste batzuk bere alabaren seigarren urtemuga ospatzeko kartela diseinatu eta marraztu zuen.

Hala ere, Nuriak eskuetan duen abilezia ez da arlo artistikora mugatzen. “Beti nahi izan dut fisioterapia ikasi. Ona naiz eskuekin eta masajeak egiteko erraztasuna dut”, dio Nuriak. Bere ametsa fisioterapia ikastea eta etorkizunean masaje areto bat irekitzea da. Gaur egun, ikastola bateko jangelan lan eginez eta haur txiki bat zainduz, fisioterapia ikasketak burutzea ezinezkoa litzaioke. Hala ere, bere garaian ikasitako estetika kurtsoa masaje klaseekin uztartuko balu, bere talentua lanbide bihurtu ahal izango luke agian.

Bere esku zoragarriez gain, Nuriak hankak ere kontuan hartzen ditu, hauek baitira bere txakurra Txuriren konpainian hondartzara eramaten diotenak. Bestetan, aldiz, Urbil merkatal gunera bideratzen diote, filmak ikustera. Nahiz eta hasieran beldurrezko filmak gustuko izan, orain erromantikoak eta haurrentzako filmak ditu gustuko. Familiartean gaitasun eta kontzentrazio mahai-jokoetan aritzea ere maite du Nuriak.

Familiaren garrantzia

Nuriaren euskarri nagusienak bere senarra Imanol eta alaba Evelyn dira. Senarrak “segituan daki gauzak gaizki doazenean, nire ondoan mantendu da beti eta gaixotasuna ni bezain ondo ezagutzen du”. Alaba bere bizitzako poztasuna dela gehitzen du Nuriak. Nuriaren oldarkortasunak eta barnerakoitasunak bat egiten dute senarraren izaera lasaia eta kanporakoiarekin, bikote bikaina osatuz.

Nuriak, bereziki, umore ona duten pertsonak ditu gogoko. “Elkarrizketa atsegina eskaintzen duen jendea, zintzoa eta apala”, alegia, gaitzak ahazten laguntzen dion jendea gustatzen zaiola argitzen du.

“Estatuko eko-herrixketatik bira bat egitea gustatuko litzaidake”

Enekok harreman berezia du naturarekin eta mundu digitalarekin. Hau da, asko atsegin du kalean jarduerak gauzatzea, baita etxean interneten nabigatzea ere. Kanpoko zein barneko zaletasunak bateratzen ditu. Izan ere, duela hiru urtetik hona, baratzezaintza egin du Enekok bere lanbide. Eta Karabeleko ekonekazaritza etxaldean astelehenetik ostiralera berrogei orduko lanaldia burutu ondoren, “lasai asko eta gustura” joaten da etxera Youtuben musika entzutera, sorkuntza bideoak edo pelikulak ikustera, zein Grand Theft Auto bideo-jokoan aritzera.

Hasieran depresioari aurre egiteko aisialdiko aktibitate terapeutikoa zena lan kontratu bilakatu zen denbora gutxira, eta ordutik sei edo zortzi ordu egiten ditu lan egunero Karabelekon, sasoiaren arabera. Bertan, barazkien landaketa eta bilketa egiten du, eskaeren eta otarren prestaketa eta kudeaketa, baita otarren banaketa ere hiriko jatetxe eta lokal ezberdinetan, besteak beste. Banaketarako kotxea hartzea da gutxien atsegin duena, “Donostiako trafikoarekin estresatu” egiten baita. Hala ere, auto berria erosi behar duela aitortzen du kopetilun.

Lanetik atera eta etxera iristean, ordenagailu aurrean esertzen da maiz, “lana bukatzean lasai egotea gustatzen” baitzaio. Duela hilabete gutxi berekin bizi den txakurkumearekin ere gustura asko egoten da etxean: “Txakur bitxia da eta ez zaio kalera ateratzea gustatzen”, dio Enekok irribarre erdia aurpegian duela. Noizbehinka Agifeseko aisialdiko taldearekin paseatzera ateratzen da eta, lagunei dagokienez, “jende sanoa, zintzoa eta lasaia” atsegin du. Bestalde, bizkarreko mina ekiditeko, Irungo kiroldegian igeri egiten hasi behar duela ere onartzen du.

Nekazaritza eta baratzea lanbide izateaz gain, zaletasun ere badira. Ingurumenaren zainketan interesa du eta lurra lantzeko esku ona dauka Enekok. Horregatik, Estatuko eko-herrixketatik bira egitea gustatuko litzaioke, boluntario lana eginez naturarekin zuzeneko harremanean. Almeriako eko-herrixka batean egona da, hondakin-lurren garbiketan, lurren berreskuratzean, sukaldean eta antzeko lanetan eta, gogorra izan arren, oso gustura egon zen eta beste lekuren batean errepikatzea gustatuko litzaioke. Zentzu horretan, Nafarroako herri horietako batean denboraldi bat pasatzea gustatuko litzaioke, eta bertako jendearekin komunitatean bizitzea. Izan ere, independizatzea da Enekoren beste helburuetako bat, eta bakarrik nahiz komunitatean bizitzea.

Phone
Email
Phone
Email