Mattin Garikanok Drag mundua ezagutu zuenean, sendabidea topatu zuen. Bella Bellucciren azalean ongi sentitzen da eta barre eginarazteko dohainarekin konektatzen dio. Oso garai onean dago orain, “medikazioari, terapiari eta Agifesen laguntzari esker”.
«Nire helburuekin lerrokatzeak eta errutina sendoa izateak lagundu dit»
Nola hasi zinen ohartzen buru osasunarekin lotutako zailtasunak zenituela?
Madrilen bost urte pasatu ondoren, 25 urterekin, etxera bueltatu eta hutsune handiegia sentitzen hasi nintzen. Ez nuen nire lekua topatzen, eta terapia egitea erabaki nuen. Garai hartan konturatu nintzen emozioekin nuen harremana ez zela ohikoa.
Inflexio-puntua La Herida pelikulak markatu zuen, oso identifikatuta sentitu bainintzen protagonistarekin. DVDaren atzeko deskribapenean jartzen zuen Anak Nortasunaren Mugako Nahasmendua edo TLP zuela, eta informatzen hasi nintzen.
Laguntza eskatu zenuen?
Lehenik, informazioz bete nuen nire burua eta ondoren jo nuen psikiatrarengana nire susmoa konfirmatzera. Hortik aurrera, bizpahiru urte pasatu nituen terapeuta ezberdinekin esperimentazioan, eta horrek, lagundu baino gehiago, desegonkortu egin ninduen.
“Laguntza eskatzeko ausardia izatea da ez da erraza, baina merezi du”
Zer gertatu zen orduan?
2018an krisialdia izan nuen eta gurasoek larrialdietara eraman ninduten. Ospitaleratze boluntarioa eskaini zidaten eta hiru astez egon nintzen psikiatrikoan. Pelikula batean bezala sentitu nintzen; oroitzapen ona dut.
Eta hortik Ingalaterrara?
Bai. 2019an aldaketa erradikal bat behar nuen eta Brightonera joan nintzen. Han errutina, lana, egonkortasuna… topatu nituen; esperientzia oso aberasgarria izan zen niretzat. Ez da edonorentzat gomendagarria hain aldaketa handiak egitea, baina niretzat onuragarria izan zen.
Hala ere, Ingalaterrako egonaldiaren azken asteetan antsietate handia sentitzen hasi nintzen eta etxera bueltatzeko aukera izan nuen justu covidaren itxialdiaren aurretik.
Nola zaude egun?
Oso ondo nago. Bizitzan ditudan helburuekin oso lerrokatuta sentitzen naiz, errutina sendoa dut, lagun talde egonkorrak… eta estres zein marmar mentala murriztu dizkidan botika berri bat hartzen hasi naiz.
Zerk laguntzen dizu, gehien, ongizatea mantentzen?
Komedia bizitzan presente edukitzeak, medikazioak, terapiak eta Agifesen laguntzak. Komunitatean autonomiaz moldatzeko programari esker, duela bost urtetik hona, astean bitan hezitzaile bat etortzen da etxera, eta aldaketa izugarria egin dut. Hasieran ohetik altxatzen lagundu behar ninduen eta, egun, berriz, nire lan-proiektuak gauzatzeko gestioekin ari gara.
Drag munduan murgiltzeak zer ekarri dizu?
Drag izateak aukera eman dit betidanik izan dudan boterearekin konektatzeko: jendeari barre eragitea. Antzerkian eta komedian aritu izan naiz, eta inprobisatzea gustatzen zait. Dragak, hain zuzen, bat-batekotasunaren behar handia du, eta hor topatu dut niretzako espazio naturala. Duela pare bat urte sortu zen Bella Bellucci, eta egun nire alter ego profesionala da. Gero eta emanaldi gehiago ditut eta oso pozik nago. Nire ogibide bihurtzea nahi nuke.
Zer esango zenioke une zail batean dagoen norbaiti?
Lehen pausoa, laguntza eskatzeko ausardia izatea da. Ez da erraza, baina merezi du. Nik bi ospitaleratze izan ditut; bigarrena, suizidatzen saiatu nintzelako. Ni bizirik egotea mirari bat da, eta gaur egun ez nuke horrelakorik egingo, inola ere ez. Eta hori laguntza profesionala jaso dudalako da. Badira baliabideak, badira profesionalak, eta Agifes bezalako elkarteak.
