Haizea Moreno villabonatarrak aldaketa handia egin du azken urtean. Bere hitzetan, “ezinbesteko laguntza” topatu du Agifesen, eta bere burua ezagutzen eta emozioak kudeatzen ikasten ari da.
«Nire historia kontatuta pertsona bakar bati laguntzen badiot, ni pozik»
Urte gogorrak pasatu dituzu, baina ari zara, pixkanaka, bide berria egiten.
Bai, azken hilabeteetan hobeto sentitzen hasia naiz, eta lanera itzuli berri naiz bi urteren ondoren. Erizaintzako laguntzailea nintzen baja hartu aurretik, baina oso enpatikoa naiz eta, burua lasaiago izateko, pertsonekin lan egiteari utzi diot momentuz. Orain produkzioan ari naiz, gozogintzaren sektorean. Bi aste daramatzat soilik, baina gustura nago, beste jarrera batekin eta gogotsu. Hala ere, oraindik baditut beldurrak; adibidez, kalera bakarrik ateratzea edo planak egitea kostatzen zait.
Nolakoa izan da honaino iristeko bidea?
22 urte ingururekin hasi nintzen antsietatearekin, baina ez nekien zer gertatzen zitzaidan. Urte askoz ondoeza estaltzen saiatu nintzen parrandarekin, alkoholarekin, drogekin… Duela bi urte, nire buruaz beste egiteko saiakera baten ondoren, osasun mentaleko ospitalean ingresatu ninduten bi hilabetez, eta han jaso nuen diagnostikoa: depresioa antsietatearekin.
Eta ospitaletik ateratzerakoan iritsi zinen Agifesera.
Bai. Lagun batek bideratu ninduen; nik ez nekien existitzen zenik ere. Hasieran, elkar-laguntzako programan egon nintzen; gero banakako arreta psikologikoan, eta, ostera, emozioak kudeatzen ikasteko Abilhezi programan parte hartu nuen lau hilabetez. Orain, laguntza-talde batean nabil, eta hamabostean behin elkartzen gara. Nire ama ere senideentzako talde batera joaten da, eta oso eskertuta dago. Egia esan, Agifesek asko lagundu dit. Etxean bezala sentiarazi naute. Sare hori edukitzea oso garrantzitsua da; ulertzen zaituen eta nondik pasatzen ari zaren dakien jendea inguruan izatea.
Agifesen etxean bezala sentiarazi naute. Ulertzen zaituen eta nondik pasatzen ari zaren dakien jendea inguruan izatea garrantzitsua da.
Zer ikasi duzu egindako prozesu honetan?
Nire sentimenduak identifikatzen eta kudeatzen ikasten ari naiz. Orain azkarrago antzematen ditut alerta-seinaleak. Egun batean negarrez eta gogorik gabe esnatzen banaiz, batzuetan neure buruari gaizki egoten uzten diot; beste batzuetan kalera ateratzen saiatzen naiz, hamar minutuz bada ere. Ikasi dut egun txarrak izateko baimena ere eman behar diogula geure buruari.
Zein dira gaur egun zure ongizatearen zutabeak?
Kirola, yoga, nire ama, nire txakurra… baina, batez ere, ni neu. Neure burua aukeratzea, neuri ondo hitz egitea eta niregan konfiantza izatea. Idazteak, mendira joateak eta amarekin hitz egiteak ere asko laguntzen didate. Lehen gauza asko gordetzen nituen; orain egun txarra badut, esan egiten dut. Haizea berri bat ezagutzen ari naiz: sentitzen duena eta bere buruari zer gertatzen zaion hobeto ulertzen duena.
Zer esango zenioke une zail batean dagoen norbaiti?
Ez dagoela bakarrik. Laguntza eskatzeko beldurrik ez izateko eta itxaropena ez galtzeko, irtenbidea dago eta. Nire historia kontatuta pertsona bakar bati laguntzen badiot, ni pozik.
