Naiara Palmerín Agifeseko gizarte-hezitzaileari elkarrizketa.
«Pertsona bakoitza bakarra da; ezinbestekoa da bere egoera eta beharrak ezagutzea»
Zein da zure eginkizuna Agifesen?
Bentaberriko zentroan eta laguntza-etxebizitzetan egiten dut lan gizarte-hezitzaile gisa. Zentroan, pertsona bakoitzak bere helburuak eta bizi-proiektua ditu, eta gure lana prozesuan bidelagun izatea da. Etxebizitzetan ere laguntza pertsonalizatua eskaintzen dugu, erabiltzaileen autonomia eta bizi-kalitatea areagotzeko eta beren bizi-proiektua garatu ahal izateko.
Hiru urte daramatzazu elkartean. Zer da zure lanaz gehien atsegin duzuna?
Programa desberdinetan aritzeak pertsonak hobeto ezagutzeko aukera ematen dit. Adibidez, erabiltzaile bera etxebizitzan eta eguneko zentroan ezagutu dezaket, testuinguru desberdinetan. Horrek bere egoeraren ikuspegi zabalagoa izaten laguntzen dit.
Eta erronka nagusia zein da?
Pertsona bakoitzera etengabe egokitzea. Guztiak desberdinak dira; egoera, behar, zailtasun eta motibazio anitzak dituzte. Horregatik, ezin dugu denekin modu berean lan egin: bakoitza ezagutu, entzun eta une bakoitzean zer behar duen ulertzen saiatu behar dugu.
Zein ibilbide profesional egin duzu Agifesera iritsi aurretik?
Gizarte-bazterkeriaren arloan aritu nintzen hezitzaile gisa, eta adinekoen egoitza batean ere lan egin nuen gizarte-langile moduan. Agifesen ere beste programa batzuk ezagutzeko aukera izan dut: bizimodu independenterako laguntza-programa eta harrera eta orientazio zerbitzua.
Urteotan ikasitako zerbait azpimarratuko zenuke?
Profesional eta erabiltzaile askorekin lan egiteko aukera izan dut, eta horri esker ezagutza eta lan egiteko modu berriak ezagutu ditut. Baina, batez ere, ideia bat indartu zait: pertsona bakoitza bakarra dela. Benetan lagundu ahal izateko, ezinbestekoa da bere egoera eta baldintza zehatzak ezagutzea.
