Iratxe Etxenike Agifeseko psikologoak sufrimendua ulertzeko eta suizidio-arriskuan egon daitezkeen pertsonei laguntzeko gakoak partekatu zituen Zumarragan.
«Suizidioaren atzean ez du zertan diagnostiko bat egon, baina sufrimendua beti dago»
Zer egiten dugu norbaitek bizitzeko gogorik ez duela esaten digunean? Gai al gara haren sufrimendua entzun eta sostengatzeko? Galdera horiei heldu zien Iratxe Etxenikek, irailaren 15ean, Agifesek Zumarragan egindako hitzaldian.
Etxenikek suizidioa buru osasuneko arazoetara ez mugatzeko beharra azpimarratu zuen, errealitate hori kausa anitzen ondorio baita. «Suizidioaren atzean ez du zertan diagnostiko bat egon, baina sufrimendua beti dago», azpimarratu zuen. Hori azaltzeko, edalontziaren metafora erabili zuen: bakoitzak berea du, eta ez gaituzte guztioi gauza berberek sufriarazten, ezta neurri berean ere. Kanpotik, gainera, ezin dugu jakin bestearen edalontzia zenbateraino beteta dagoen. Sufrimendua jasanezina bihurtzen denean, irtenbideak ikustea zaildu daiteke.
Adierazteko espazioa eman
Nola lagundu sufritzen ari dela kontatzen digun norbaiti? Agifeseko psikologo eta Bizirauneko kideak gogorarazi zuen ez dugula erantzun perfekturik behar. Garrantzitsuena pertsonak bere sufrimendua adierazteko espazio segurua aurkitzea da, epaitua edo zalantzan jarria izateko beldurrik gabe.
Etxenikek azpimarratu zuen laguntzea ez dela bestearen arazoak berehala konpontzea, ezta terapeutaren rola hartzea ere. Presentzia, enpatia eta haren ondoan geratzeko prestasuna dira gakoak. Suizidio-pentsamendurik duela susmatzen badugu, zuzenean galdetu diezaiokegu, erantzuna baldintzatu gabe. Bestalde, ez da behin bakarrik hitz egiteko gauza. Harremana mantentzea eta babes profesionala aurkitzen laguntzea funtsezkoak dira.
NOLA LAGUNDU SUFRITZEN ARI DENARI
- Erreparatu seinaleei: Adi egon jokabide-aldaketei, isolamenduari eta etsipena adierazten duten hitzei. Zerbait gertatzen dela sumatzen baduzu, hurbildu eta galdetu.
- Entzun, epaitu gabe: Ez gutxietsi sufrimendua eta ez saiatu berehala konpontzen. Bizitzeko gogorik ez duela esaten badizu, mantendu lasaitasuna eta eskertu zugan konfiantza jarri izana. Galdetu zer behar duen eta eman hitz egiteko tartea.
- Lagundu babesa bilatzen: Eskaini profesionalengana jotzeko laguntza. Ez duzu terapeutaren rola hartu behar, ezta egoerari bakarka aurre egin ere.
- Ondoan egon: Mezu bat, bisita bat edo elkarrekin paseatzea lagungarriak izan daitezke. Mantendu harremana eta zaindu zeure burua ere.
HITZEK ERE LAGUN DEZAKETE
Batzuetan, laguntzeko asmoz esaten dugunak kontrako eragina izan dezake.
Sahiestu: «Ez esan hori, zoriontsu izateko dena daukazu eta!»
HOBETO: «Ikusten dut zenbat sufritzen ari zaren»
SAIHESTU: «Zure aldetik jarri behar duzu aurrera egiteko».
HOBETO: «Ez diozu egoera honi bakarrik aurre egin behar. Ondoan nauzu»
SAIHESTU: «Bihar beste modu batera ikusiko duzu dena».
HOBETO: «Zertan lagun zaitzaket gaur?»
024
Suizidio-jokabideari arreta emateko telefonoa.
112
Berehalako arriskua dagoenean, larrialdi-zerbitzuetara deitu.
900 84 08 45
Gipuzkoako Itxaropenaren telefonoa.
