Arkaitz Velascok ibilbide luzea egin du buru osasunaren arloan. Duela 14 urte jarri zen Agifesekin harremanetan, ospitaleratze baten ondoren, eta Legorretako tutoretzapeko etxebizitzan sartu zen.
Arkaitz Velasco: «Lanera itzultzeko prestatzen ari naiz»
Arkaitz Velascok ibilbide luzea egin du buru osasunaren arloan. Duela 14 urte jarri zen Agifesekin harremanetan, ospitaleratze baten ondoren, eta Legorretako tutoretzapeko etxebizitzan sartu zen.
Geroztik, aldaketa handiak izan ditu bizitzan. Elkarteak Legorretako etxea Beasaingo batengatik aldatu zuenean, berak ere lekualdaketa egin eta urte eta erdi inguru pasatu zuen han. Ostera, hainbat egonaldi izan ditu ospitalean, baina egun oso ondo dagoela dio. Donostiako Intxaurrondo auzoan kokatutako zaintzapeko egoitza batean bizi da beste 17 lagunekin batera, eta Bentaberriko zentrora gerturatzen da egunero.
Ekinean, ongizatea mantentzeko
Buru osasuna mantentzeko jardunean egotea lagungarria dela dio. “Kirol asko egiten ari naiz: oinez eta bizikletan ibiltzen naiz, bai mendian eta bai herrian”. Legorretan bizi zenean hartu zion neurria bizikletari eta trebetasun handia lortu du urteen poderioz; “trukuak eta saltoak” egitea gustatzen zaiola azaltzen du.
Bentaberrin ere jarduera askotan esku hartzen du eta eroso dagoela dio. Elkarrizketa honen bitartean, hain zuzen, gitarra jotzeko saioetan parte hartzeko konbentzitu du zentroko lagun batek. Duela garai batetik hona irakurtzeaz ere asko gozatzen duela aipatzen du.
Lanera itzultzeko asmotan
Egunero gerturatzen da Agifesen Antiguako egoitzara, baina ordutegia ikasketen erritmora egokitzen du, begirada laneratzean jarrita baitauka. DBHko titulua atera du, eta Batxilergokoa eskuratzeko ikasten ari da Goi Mailako ziklo bat egin ahal izateko.
Pena txiki bat du: ez duela nekazaritza eta lorezaintza arloko titulua lortu. Pandemia hasi aurretik, oso gutxi falta zi-tzaion Fraisoron egiten ari zen prestakuntza amaitzeko, baina itxialdiak hankaz gora jarri zituen bere planak. Ostera, ikasketei berriro heltzear zegoela, ospitaleratu egin behar izan zuen eta ezin izan zuen titulua eskuratu. “Horrekin Karabelekon lan egiteko trebatzen ari nintzen, garai hartan erabiltzaile moduan bainenbilen”. Atsekabe hori badu ere, bidean ikasitako guztia nabarmentzen du. Baserrian eta baratzean aritzeko esperientzia familiarengandik jaso duela aitortzen du, eta Karabelekon ere lanketa handia egin duela dio. Bestalde, profesionalki industria-sektorean aritu da luzez, eta batetik edo bestetik lan-aukerak sortuko zaizkiolakoan dago.