Agifeseko familien programan parte hartu duen Rafael Ociori elkarrizketa.
«Asko laguntzen dit nire esperientziaz mintzatzeko aukera ematen didaten espazioetan parte hartzeak»
Agifeseko familien programan parte hartzen ari den Rafael Ociori elkarrizketa.
Nola iritsi zinen Agifesera?
Emazteak eta biok zazpi urte baino gehiago daramatzagu Agifesen. Elkarteak familia-komunikazioari buruz emandako hitzaldi batera joan ginen, eta elkartera hurbiltzea erabaki genuen. Bertan, familientzako laguntza-talde batean parte hartzea proposatu ziguten.
Zein zen zuen egoera une hartan?
Gure semeak hainbat ospitaleratze psikiatriko kateatu zituen, eta maila pertsonalean apur bat jota geunden; nolabaiteko lasaitasuna behar genuen. Gurasoentzako talde batean sartzea aukera ona iruditu zitzaigun gurearen antzeko egoeretan dauden pertsonekin harremanetan egoteko. Horrela hasi ginen eta, gaur egun, topaketa hauetan elkarrekin parte hartzen jarraitzen dugu.
Zer eskaintzen dizu banakako zein familiako laguntza-taldeak?
Alde batetik, beste pertsona batzuekin trukatzeak indarberritu egiten nau. Gida profesionala ere funtsezkoa da, gertatzen zaiguna eta gure egoera nola hobetu dezakegun ulertzeko informazioa ematen baitigu.
“Gizonok sentimenduei eusteko joera handiagoa dugu, eta horrek kalte egiten digu.” Taldean parte hartzeak hobeto sentitzen lagundu dit, eta, denboraren poderioz, hobekuntza nabaritzen dut”
Zer nabarmenduko zenuke urte hauetan ikasitakotik?
Norberaren burua zaintzea oso garrantzitsua da. Era berean, oso baliagarria da elkartean jasotzen dugun informazio praktikoa, mugitzen jakiteko, hainbat laguntza lortzeko, gure seme-alaben eskubideak ezagutzeko eta abar. Eta, jakina, gure senideekiko komunikazioa. Urte hauetan ikasi ditugun jarraibideek gure semearekin modu osoago eta eraginkorragoan erlazionatzeko aukera ematen digute.
Nola aldatu da zure egoera pertsonala Agifesera iritsi zinenetik gaur arte?
Egia esan, garrantzitsua da hainbat alderdiri erreparatzea. Familia-laguntzaren gaia ez dago soilik taldeko bileretan. Maila pertsonalean, terapietara ere joan behar da, psikiatriako eta psikologiako profesionaletara. Hori guztia osatu egiten da.
Nire kasuan, hasierako egoera kritikoa zen. Uste dut gurasook, gizonok oro har, gure sentimenduak gordetzeko joera handiagoa dugula, eta horrek kalte egiten digu eta gaizki sentiarazten gaitu. Horregatik, garrantzitsua da urratsa ematea eta partekatzeko moduko espazioetan parte hartzea. Niri hobeto sentitzen lagundu dit eta, denborak aurrera egin ahala, gauzak egiteko modua hobetzen ari naizela sumatzen dut.
Gure semeari dagokionez, urteak igaro ahala, harremanak izateko modua aldatu eta hobetu egin da, eta gero eta autonomoagoa da. Tutoretzapeko etxebizitza batera noiz iritsiko zain gaude. Gutxi geratzen da plaza lortzeko, eta beharrezkoa ikusten dugu atxikimendurik eza, bai berarentzat, bai guretzat.