Mikel Merinok, Agifeseko elkarrekiko laguntza programako agenteak, Gipuzkoan aitzindaria den zerbitzu hau zertan datzan azaldu digu.
«Elkarrekiko laguntza pazientearen eta profesionalaren arteko harremanaren osagarria da»
Nola iritsi zinen Agifesera?
Pertsona gehienak bezala iritsi nintzen elkartera, krisi garai batean, nire emaztearen eskutik, Osakidetzaren laguntza gutxiegitzat jo baitzuen. Nahasmendu bipolarreko diagnostikoa dut, eta elkartera lehen aldiz hurbildu nintzenean, desorekatuta nengoen; bi agerraldi psikotiko izan nituen 12 hilabeteko epean.
Nolako arreta jaso zenuen?
Hiru bat urte eman nituen nahasmendu bipolarra zuten pertsonentzako laguntza-taldeetan parte hartzen. Aldi horren ondoren, hobeto nengoen, eta konturatu nintzen garrantzitsua zela begirada errekuperazioan jartzea, ikuspegi positiboa indartzea. Ikerrek, orduan nirekin zegoen psikologoak, buru osasun kolektiboko graduondoko bati buruz hitz egin zidan, eta egitea erabaki nuen. Azken lan gisa, proiektu bat garatu nuen, Agifesen elkarrekiko laguntza programa pilotu batean gauzatu zena.
Zertan datza programa?
Funtsean, osasun mentalean esperientzia duen pertsona batek bere esperientzia beste batzuen zerbitzura jartzen du bere errekuperazio-prozesurako. Horizontaltasun-harreman bat ezartzen da elkarrekiko laguntza agentearen eta laguntzen ari den pertsonaren artean, eta horrek pazientearen eta profesionalaren arteko harreman tradizionalaren ikuspegi osagarri bat ahalbidetzen digu. Ekimen aitzindaria da 2017an hasi zenetik. Agifes da zerbitzu hori eskaintzen duen erakunde bakarra Gipuzkoan.
Zeintzuk dira Elkarrekiko Laguntzaren helburuak?
Beren zutabeak dira iritzirik gabeko entzutea, errespetua eta enpatia. Laguntzaren bidez, pertsonen autonomia bultzatu eta ahalduntze-prozesuan lagundu nahi diegu.
Zein balantze egiten duzu ia sei urteko ibilbideaz?
Prozesua amaitzean inkesta bat betetzen duten parte-hartzaileen iritziz, azpimarragarriena da elkarrekiko laguntzako agentearekiko harremanaren hurbiltasuna eta berdinekin hitz egiteko aukera. Gainera, pertsonen jarraipena egiten dugu autoestimua, barne-estigma eta errekuperazio-etapak bezalako balioei dagokienez, eta parte-hartzaile gehienek bilakaera bat dute alderdi horietan.