Doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzeko Bidegin elkarteko presidente Izaskun Andonegik ‘Suizidioa: nola lagundu dezaket prebenitzen?’ izenburudun hitzaldia eskainiko du irailaren 21ean Errenterian. Bertan izango da, gainera, Lurdes Hueta, bere buruaz beste egin duen pertsona baten senide gisa bizitako esperientzia partekatzeko.

Reina Aretoan izango da topaketa, 19:30etik aurrera eta gaztelaniaz. “Suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa sortzea” izango da saioaren helburua; izan ere, “beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela badakigu”, doluan aditua den terapeutaren esanetan.

Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunaren (irailaren 10) harira antolatutako hitzaldiak suizidioaren inguruko mitoak apurtzeko ere balioko du, baita sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta beren buruaz beste egiteari buruz pentsa dezaketen pertsonak inguruan dituztenei jarraibideak emateko ere. Halaber, Bidegin elkarteko ordezkariak senideei beharrezko babesa ematearen garrantziaz hitz egingo du, bai maila profesionalean bai maila sozialean; izan ere, traumari aurre egiteaz gain, “estigma jasaten dute, bakardadean, beldurrez eta errudun sentsazioarekin bizitzera eramaten dituen begirada sozial horren presioa, alegia”, adierazi du Andonegik.