Data: apirilak 29, ostirala

Lekua: Andia aretoa (Kutxa), Donostia

Ordua: 11:00 

 

Hitza hartuko dute:

Aitziber San Román, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza saileko zinegotzi ordezkaria 

Vicente Areta, Agifeseko presidentea

 

Omenduak:

Iñaki Subijana, Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko presidentea

José María Setien, Donostiako gotzain emeritua

Nieves Alustiza, Agifeseko lehenetariko bazkidea

 

 

Agifesek osasun mentalaren arloan egindako 30 urteko ibilbidea ospatuko du apirilaren 29an, Donostiako Andia aretoan (Kutxa) antolatu duen ekitaldian. Orain dela hiru hamarkadatik hona, eroetxeak itxi zituztenetik, eman diren aurrerapausoak aztertuko dituzte bertan. Izan ere, 1985ean nahasmendu psikiko larria zuten pertsonei eskubidea eman zitzaien behar zuten tratamendua komunitatean bertan jasotzeko, eta ez gizartetik isolatuta.

 

Jardunaldian parte hartuko dute Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza saileko zinegotzi ordezkari Aitziber San Romanek eta Vicente Areta Agifeseko presidenteak. Azken honek aintzat hartuko du elkarteak buru osasunaren kolektiboa gizarteratzearen eta bizi-kalitate hobea lortzearen alde egindako lana, eta elkartearen erronkak ere azalduko ditu.

 

Era berean, Agifesekin eta buru osasunarekin buru-belarri inplikatu diren hainbat pertsona omenduko dituzte. Merezitako saria jasoko dutenen artean daude Nieves Alustiza, elkarteko lehenetariko bazkidea, erakundearen hasierako bultzadan aktiboki parte hartzeagatik; Iñaki Subijana, Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko presidentea, kolektiboarekiko erakutsi duen sentsibilitateagatik eta elkartasunagatik; eta José María Setien, Donostiako gotzain emeritua, Agifesek bere(soberan) zerbitzua eskaintzeko oinarrizko baliabiderik ez zuenean, lokalak bere eskura jarriz laguntza handia eskaintzeagatik.

 

Hiru hamarkada elkarlanean

Estatuko gainontzeko elkarteen modura, eroetxeei amaiera ematen zien erreforma psikiatrikoarekin batera jaio zen Agifes. Zentro horien desagerpenak, ordea, argi utzi zuen kolektiboari babesa emateko behar ziren baliabideak urriak zirela. Horren ondorioz, familiak batu egin ziren euren eskubideak defendatu eta konponbideak bilatzeko.

 

Ia 1.000 bazkide bildu ditu elkarteak azken hogeita hamar urteotan, eta asko ugaritu dira eskaintzen dituen zerbitzu eta baliabideak. Agifesek doaneko informazioa eta aholkularitza eskaintzen die buru osasun arazoak dituztenei, baita horien senide eta zaintzaileei ere. Gainera, beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte; besteak beste, errehabilitazio psikosozialerako hiru zentro, bederatzi tutoretzapeko etxebizitza, erabiltzaileei eta senideei zuzendutako 14 laguntza-talde, aisialdirako eta denbora librerako programak, etxez etxeko arreta psikohezigarriko programa eta laguntza psikologiko indibiduala. Modu berean, Karabeleko nekazaritza etxaldea bultzatzen dute, Agifeseko hogeita hamar bat erabiltzaileen parte-hartzearekin.