Agifesek bi ekimen aurkeztuko ditu Irunen, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea, autonomia eta etorkizuna hobetzeko
- Ekitaldia: Gipuzkoako buru osasunaren arloko gidaren eta Etorkide programaren aurkezpena
- Data: 03 AZA 2026
- Tokia: Irun. Palmera Montero
- Ordua: 18:30
Zer baliabide daude Gipuzkoan buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzat eta haien familientzat? Nola planifikatu etorkizuna laguntza-beharrak aldatzen direnean edo familia-sarea jada eskuragarri ez dagoenean? Agifesek galdera horiei helduko die datorren azaroaren 3an, Irunen, 18:15ean Palmera Monteron egingo duen topaketa batean. Ekitaldia herritarrentzat irekia izango da, eta inaugurazioan Irungo alkate Cristina Labordak hartuko du hitza.
Gipuzkoako elkarteak bere 40. urteurrenaren harira bultzatutako bi ekimen aurkeztuko ditu: Buru Osasuna Gipuzkoan gida berria, lurraldean eskuragarri dauden laguntza ekonomiko, prestazio, zerbitzu eta baliabide nagusiak dokumentu bakarrean biltzen dituen tresna; eta Etorkide, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen etorkizuna eta bizitzan zehar behar izan ditzaketen laguntzak planifikatzeko programa.
Gida paperean zein formatu digitalean dago eskuragarri, eta Gipuzkoako osasun mentaleko baliabideetarako sarbidea erraztea du helburu, sakabanatuta baitaude. Hain zuzen ere, aukera guztien inguruko informazio faltak zaildu egiten du pertsonek eta familiek behar dituztenean horietara jotzea. Horregatik, argitalpen berriak laguntza, prestazio eta zerbitzu nagusiei buruzko informazioa bildu du, pertsonei erabaki informatuak hartzen eta beren eskubideak baliatzen laguntzeko.
Bestalde, familiek urteak daramatzate kezka bera Agifesi helarazten: zer gertatuko da buru nahasmendua duen pertsonari laguntza nagusia ematen dioten senideak zahartzen direnean edo laguntzen jarraitu ezin dutenean? Kezka horri erantzuteko sortu da Etorkide. Programak laguntza profesionala eskaintzen du egoerei aurrea hartzeko, etorkizuna planifikatzeko eta laguntza-sareak eraikitzeko, betiere osasun mentaleko arazoak dituen pertsona bakoitzaren nahiak eta lehentasunak erdigunean jarriz.
Bidasoko bazkideei entzuteko gunea
Aurkezpen publikoaren aurretik, 17:30ean, Agifesek eskualdeko bazkideekin topaketa egingo du, haien kezkak ezagutzeko, proposamenak jasotzeko eta elkartearekiko loturak sendotzeko.
Ekimenak Arrasaten eta Donostian hasitako eskualde mailako topaketei emango die jarraipena. Aurreko hitzordu horietan, parte-hartzaileek esperientziak partekatu zituzten eta elkarri laguntzearen, entzutearen eta bidelagun izatearen garrantziaz hausnartu zuten.
Topaketa horien bidez, Agifesek bazkideen parte-hartzea indartu eta laguntza-sare hurbila eraikitzen jarraitu nahi du, Gipuzkoako eskualde guztietan osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta haien familien benetako beharrei erantzuteko.
40 urtez pertsonen eta familien bidelagun
Ekitaldia Agifesen 40. urteurrenaren baitan egingo da. Hain zuzen ere, elkartearen urteotako jarduerak agerian uzten du borondate irmoa duela buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta haien familien beharrak identifikatu eta horiei erantzuna emateko.
Bere ibilbidean zehar, elkarteak lan egin du pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, haien autonomia eta komunitateko parte-hartzea sustatzeko eta buruko osasun arazoei lotutako estigma gainditzen laguntzeko. Helburu horiek lehen egunean bezain indarrean daude orain, eta erronka berriak planteatzen dituzte: pertsonen eta familien beharrei entzuten jarraitzea eta erantzunak ematea beren bizi-proiektuak aurrera eraman ahal izateko autonomiaz, eskubideak baliatuz eta behar dituzten laguntzekin.
