Aurten, osasun mentaleko elkarteak batzen dituen Estatu mailako konfederazioak proposatutako leloarekin bat egin du Agifesek: “Jar zaitez nire tokian. Nirekin bat egin“. Helburua guztion artean gizarte aurreratuago eta bidezkoagoa eraiki ahal izatea da, buru nahasmendua duten pertsonak ezagutuz. Etiketa mingarriak gainean izanik sentitzen dutena deskubritzera eta gaitz horiek zertan datzan benetan ezagutzera bultzatzen da gizartea. Gainera, buruko osasun arazoekin bizitza normalizatua eramatea posible dela jakinarazi nahi du elkarte-mugimenduak.

 

Horrela, Agifes Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioaren (Fedeafes) aldarrikapenen alde agertzen da. Euskal elkarteek diote  beharrezkoa dela buru gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzea, eurei arreta emateko baliabide gehiago eskaintzea, baita estigma soziala gainditzeko zeharkako politikak lantzea ere. Horretarako, ezinbestekoa da pertsona hauek euren komunitatean bizi eta garatzeko aukera izatea, kolektiboaren duintasuna bermatzeko, estigma sozialari aurre egiteko eta buru gaixotasuna gizartean normaltasunez ikusarazteko, beste gaixotasunekin gertatzen den moduan.

 

 

Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira antolatutako ekintzak

 

Buru Osasunaren Munduko Egunaren inguruan, urriaren 9an, Agifes-ek ate irekien jardunaldia egingo du, 10:30etik 13:00era, eta zineforum saioa izango da 17.00etan, Donostiako Antigua auzoan kokatuta dagoen errehabilitazio psikosozialerako zentroan. Horrez gain, buru gaixotasuna duten elkarteko hainbat erabiltzaile euren esperientziaz mintzatuko dira zentroan bertan egingo den mahai-inguru batean, 19:00etik aurrera. Elkarteko profesionalek gidatuko dute saioa. 

 

Bestalde, urriaren 10ean, goizeko 11etatik aurrera, karpa ipiniko du Agifesek Donostiako Loiola kalean, FNACen ondoan, hainbat ekintza eta animazioarekin; interesa duen edonork Agifeseko egituretan zer nolako lana egiten den ezagutzeko aukera izan dezan.

 

Azkenik, urriaren 14an, asteazkena, ‘Komunikazioa hobetzea buruko osasun arazoen aurrean‘ hitzaldia eskainiko du Iker Arrizabalaga psikologoak. Hitzordua 18.30ean izango da Ordiziako Barrena kultur etxean.