Agifesek, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, buru osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko kanpaina jarri du martxan. ‘Berdingabea zara’ izenburupean, kolektibo honi ateak irekitzen dizkion pertsona orori eskerrak eman nahi dizkio Agifesek, baita konpromiso sozial…
Agifesek buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko kanpaina aurkeztu du
Agifesek, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, buru osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko kanpaina jarri du martxan. ‘Berdingabea zara’ izenburupean, kolektibo honi ateak irekitzen dizkion pertsona orori eskerrak eman nahi dizkio Agifesek, baita konpromiso sozial handiagoa sustatu ere. Izan ere, “guztion erantzukizuna da pertsona hauen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea”, adierazi du Rosalia Sánchez senideak eta elkarteko zuzendaritza-batzordeko kideak gaur goizeko prentsaurrekoan.
Irabazi-asmorik gabeko entitate honek kolektiboaren duintasuna eta gizartean zein lan munduan ekarpen garrantzitsua egiteko gaitasuna aldarrikatzea du helburu. Zentzu horretan, Agifeseko gerente Ruth Encinasek jakinarazi du buru gaixotasuna duten pertsonen %5k soilik duela lanpostu egonkorra. Horren aurrean, Agifesek jardunaldia antolatuko du, urteko azken hiruhilekorako, kolektiboaren laneratzean zeresana duten eragileekin hausnarketa egin, esperientziak elkartrukatu eta enpleguaren zifrak hobetze aldera ibilbide-orria osatzeko.
Bi urtez luzatuko den kanpainak honako ekimenak hartuko ditu barne: jardunaldiak, lehiaketak, bideoak, hitzaldiak, tailerrak eta orotariko jarduerak, publiko anitz eta zabalera iristeko. Iaz, 24 sentsibilizazio egitasmo burutu ziren eta 3.119 pertsonek hartu zuten parte horietan.
Agifesek aurkeztutako kanpainen garrantzia neurtzeko, kontuan hartu behar da Gipuzkoako Buru Osasun Sareak 26.641 pertsona artatu zituela 2015ean, eta urtero 5.500 kasutik gora erregistratzen direla. Gipuzkoako elkartearen datuei dagokienez, 924 bazkide eta 45 langile dituzte, eta urtero 1.000 pertsona baino gehiagori ematen diete arreta.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika diputatu Maite Peñak Agifesek egiten duen “lan goraipagarria” azpimarratu du, eta Diputazioak elkarteari ematen dion babesaz mintzatu da. Izan ere, Aldundiak diruz laguntzen ditu gizarteratzea sustatzeko eta kolektiboko pertsonei laguntza emateko hainbat programa. Agifesekin duen hitzarmenaren bitartez, buru gaixotasuna duten pertsonentzako 50 plaza kudeatzen ditu elkarteak tutoretzapeko 9 etxebizitzatan, eta 84 plaza daude errehabilitazio Psikosozialerako hiru zentrotan.
Bestalde, Arartekoaren Osasun arloko arduradun Iñaki Mendieta Lasartek adierazi du buru gaixotasuna duten pertsonek talde “kaltebera” osatzen dutela, eta lana aurkitzeko arazoak dituztela beste zailtasunen artean. Azken urteetako aurrerapausoez gain, kolektibo honek mugak izaten jarraitzen dituela nabarmendu du eta “berdintasuna galarazten duten eragozpenak ezabatzea gizarte osoaren lana” dela gehitu du. Zentzu honetan, laneratzearen garrantzia aipatu du, “gizarteratzean aurrera egiteko modu gisa”.
Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zuzendari Tere Barrenetxeak ere parte hartu du prentsaurrekoan udalbatzak Agifesekin duen konpromisoa berresteko. Barrenetxeak elkarte sozialen ekarpen “ordezkaezina” aintzat hartu du; konkretuki, euren lanaren “gertutasuna” eta “berdinen arteko elkartasuna” azpimarratuz.
2017ko jarduerak
Kanpainak hartuko dituen jardueren artean, hainbat hitzaldi, tailer eta prestakuntza-saio burutuko dira. Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, depresioa edo antsietatea bezalako gaixotasunak izango dira hizpide.
Era berean, bi Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo gauzatuko dira: lehenengoari maiatzaren 9an eman zitzaion hasiera Zarautzen eta beste hiru saio izango ditu hilean zehar, eta bigarrena Donostian egingo da azaroan.
Horrez gain, aurten lehen aldiz buru osasunaren aldeko Zumba jardunaldia egingo da ekainaren 3an Donostian. Amara Wellness gimnasioak eskainitako saioarekin lortutako irabaziak elkartea finantzatzeko erabiliko dira. Gainera, irailaren 24an, 5 MILIA Buru Osasunaren alde lasterketa gauzatuko da seigarren urtez Gipuzkoako hiriburuan. Buru osasuna kalean ikusaraztea xede duen ekimen honetan ehunka korrikalari biltzeko aurreikuspena dago.
Bestalde, Agifesek hiru lehiaketa antolatu ditu: argazkilaritza eta kontakizun laburren lehiaketak seigarren urtez egingo dira eta, urte amaieran, IV. Kazetaritza eta Buru Osasuna sariak banatuko ditu elkarteak, komunikabideei buru osasunarekin erlazionaturiko gaien trataera arduratsua eskertzeko helburuarekin.
Era berean, gizartearen parte-hartzea sustatzeko egitasmoa jarriko du elkarteak abian laster. Parte-hartzaileek inguruko pertsonei beren esker ona adierazi ahal izango diete euren izaeragatik, jendearekin erlazionatzeko eta besteei laguntzeko duten eragatik, eta buru osasunarekin duten konpromisoarengatik. Modu horretan, gizartearen jardunbide onak nabarmendu nahi ditu Agifesek. Kasu azpimarragarri horiek ikusaraziz, “oraindik buru gaixotasunarekiko ikara edo ezjakintasuna” sentitzen duten pertsonen gogoeta bultzatu nahi du elkarteak, Encinasek adierazi bezala.
