Agifesek, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, hitzaldi bat antolatu du, buru osasun arazoak dituzten pertsonen babes juridikorako zer neurri har daitezkeen azaltzeko. Esther Ezponda, Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kide eta abokatuak emango du hitzaldia, maiatzaren 22an, Irungo Palmera Montero gunean, 18:00etan.

Hitzaldia ekainaren 2ko 8/2021 legearen inguruan izango da. Arau horren bidez, legeria zibila eta prozesala erreformatzen da, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko. Funtsean, arau horrek desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza juridikoaren sistema nola aldatu duen azalduko du adituak. “Jada ez da hitz egiten pertsonak ezgaitzeaz, baizik eta pertsona bakoitzari behar dituen laguntza espezifikoak emateaz”, azpimarratu du Esther Ezpondak. Era berean, hizlariak kolektiboarentzat eskuragarri dauden beste babes-neurri batzuk azalduko ditu, hala nola prebentzio-botereak, pertsona bati beste bat izendatzeko aukera ematen diotenak, bere borondatea adierazteko gaitasuna galduz gero bere interesak ordezkatu eta defenda ditzan.