Maider Gorostidi Agifeseko psikologoak depresioari buruzko hitzaldia eskainiko du urriaren 18an, asteazkenean, Hondarribian. Agifesek antolatutako solasaldi honetan, depresioaren sintomak azaldu eta nahasmenduari aurre egiteko gakoak aurkeztuko ditu, Hondarribiko kultur etxean, 18:30ean

Psikologoak depresioa zer den deskribatuko du eta tristeziarekiko desberdintasunak bereiziko ditu. Gorostidik azpimarratu du depresioa edozeinek izan dezakeela, eta “horri aurre egiteko ezinbestekoa da beldurrik eta lotsarik ez izatea; hitz egin eta laguntza eskatu behar da, tratatu gabe denboran zehar uzten bada kronifikatzeko arriskua sortzen delako”. Izan ere, Osakidetzaren datuen arabera, gaitz hori daukatenen %40k ez du osasun profesionalengana jotzen laguntza eske.

Depresioa ohikoa da gure gizartean. Euskadiko biztanleen hamarretik batek noizbait bizi izango du nahasmendu hori, Osakidetzaren estatistikek diotenez. Emakumeek gizonek baino bi edo hiru aldiz arrisku gehiago dute depresioa izateko. Bestalde, familian aurrekariak dituztenek, gaixotasun kronikoa dutenek eta beste buru gaixotasunak dituzten pertsonek depresiorako joera handiagoa dute. Batzuetan, eritasun horren sintomen atzean nahasmendu bipolarra edo bestelako buru gaixotasunak ezkutatzen dira.

Psikologoak dio buruko osasun arazoak dituzten pertsonen zaintzaileek ere izan ditzaketela horrelako eritasunak, eta haiek Agifesen laguntza eska dezaketela aipatu du, senideak zaintzeaz aparte, haien burua ere zain dezaten.