Psikologoak depresioa zer den deskribatuko du eta tristeziarekiko desberdintasunak bereiziko ditu. Gorostidik azpimarratu du depresioa edozeinek izan dezakeela. “Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da beldurrik eta lotsarik ez izatea; hitz egin eta laguntza eskatu behar da, tratatu gabe denboran zehar uzten bada kronifikatzeko arriskua sortzen delako”. Izan ere, Osakidetzaren datuen arabera, gaitz hori daukatenen %40k ez du osasun profesionalengana jotzen laguntza eske.

Depresioa ohikoa da gure gizartean. Euskadiko biztanleen hamarretik batek noizbait bizi izango du depresioa, Osakidetzaren estatistikek diotenez. Emakumeek gizonek baino bi edo hiru aldiz arrisku gehiago dute depresioa izateko. Familian aurrekariak dituztenek, gaixo kronikoek eta beste buru gaixotasunak dituzten pertsonak depresiorako joera handiagoa dute. Batzuetan, depresioaren sintomen atzean nahasmendu bipolarra edo bestelako buru gaixotasunak ezkutatzen dira.

Psikologoak dio buruko osasun arazoak dituzten pertsonen zaintzaileek ere izan ditzaketela horrelako eritasunak, eta haiek Agifesen laguntza eskatu dezaketela aipatu du, senideak zaintzeaz aparte, haien burua ere zain dezaten.