Agifesek “Elkar laguntza: buru osasunaren giltzarri” hitzaldia eskainiko du Usurbilen datorren ekainaren 9an. Berdinen arteko laguntzak buru osasunaren errekuperazio-prozesuetan duen balioa azaltzea izango da herritarrei zuzenduriko saio honen helburua.

Solasaldia Mikel Merino elkar laguntzako agenteak eskainiko du, eta antzeko sufrimendu egoerak bizi izan dituzten pertsonen arteko laguntzak izan dezakeen eragin positiboari buruz ariko da.

Gainera, buru osasunaren errekuperazio eredua izango da mintzagai. Horren oinarrian daude itxaropena, pertsonen ahalduntzea eta buruko osasun arazoek eragindako zailtasunetatik harago bizi-proiektu asegarria eraikitzeko aukera. Testuinguru horretan, elkar laguntza balio handiko tresna da, harreman horizontala eta enpatia euskarri baititu.

Elkar laguntzako agenteak buru osasunaren arloan esperientzia propioa duten pertsonak dira, eta beren errekuperazio prozesuan aurrera egin ondoren, bizipen hori beste pertsona batzuen zerbitzura jartzen dute, gertutasunean eta konfiantzan oinarritutako laguntza eskaintzeko.

Laguntza mota hori tratamendu psikologiko eta psikiatrikoen osagarria da. Agifesek urteak daramatza elkar laguntzako programa sustatzen, eta egiaztatu du balio handia duela pertsona askoren errekuperazio prozesuetan; izan ere, isolamenduari eta autoestigmari aurre egiten laguntzen du, baita autoestimua indartzen eta itxaropena berreskuratzen ere.

Hitzaldi honen bidez, Gipuzkoako elkarteak buru osasunaren inguruko sentsibilizazio eta elkarrizketa guneak sortzen jarraitu nahi du, errekuperazio prozesuen ikuspegi itxaropentsuago eta inklusiboagoa sustatzeko.