Agifesek ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ gizarte sentsibilizazio kanpainaren bosgarren bideoa zabaldu du. Oraingoan, Vaya Semanita telebista saioko aktore ezagunenetakoa den Javier Antón-en kolaborazioa lortu du Agifesek.

Antzezleak eskizofrenia paranoidea duen Martín Combeau-rekin solas egiten du bideoan. ‘El Jonan’ pertsonaiaren atzean dagoen aktorea ezagutu nahi zuen Agifeseko kideak, aipatutako ET2ko programa eta bereziki aktore hori oso gustukoak baititu.

“Martín lotsati agertzen da, grabazioak eta bere aktore gogokoenetako bat ondoan izateak urduri jartzen baitiote. Baina, azkenean, bere iraganeko gertaera gogorrenetako batzuk kontatzera ausartzen da. Javierri azaltzen dio nola galdu zuen bere bizitzaren kontrola droga gehiegi kontsumitzen ari zen garaian, eta orduan izan zituen buruaz beste egiteko ideiak ere aitatzen ditu”, azaldu dute Agifesetik.

Azkenean, gehiegikerien ondorioz, psikiatrikoan sartzea eskatu zuen 2003an, eta hiru hilabete eman zituen bertan. Han diagnostikoa egin eta tratamendua jarri zioten. Horri esker, bizitza lasaia darama egun, 32 urterekin. Bere amarekin, anaiarekin eta amonarekin bizi da eta bizitzako plazer txikiez gozatzen du: bere animaliak eta etxeko lorategia zaintzea edota lagunekin Donostiako Alde Zaharretik buelta bat ematea larunbatetan. Gainera, astean zehar Agifesek Amaran duen zentrora joaten da eta ekintza anitzetan parte hartzen du elkarteko beste kide batzuekin; zura lantzeko tailerrak eta antzerkia, besteak beste.

Agifesetik aditzera ematen dutenez, “gure kolektiboa inguratzen duten mitoak apurtzea lortzen ari gara pixkanaka. Bideoak egiteko gero eta boluntario gehiago ditugu elkartean, eta hori pentsaezina zen duela hilabete batzuk. Guretzat guztiz atsegingarria da egiaztatu ahal izatea gure elkarteko kideak, gero eta ziurtasun handiagoarekin, beren burua jendaurrean aurkezteko beldur horri aurre egiten ari direla. Agifeseko erabiltzaileen eredua oso baliagarria izaten ari da gaixotasun hauek normaltasunez tratatu ahal izateko, bai gure artean eta bai gizartean”.

Agifesek beste zazpi bideo grabatuko ditu aurten, hilero bat. Horrela, elkartearen helburua da gizarteari transmititzea buruko gaitza duten pertsonak ez direla gainontzekoen desberdinak, kezka eta helburu berak dituztela, eta garrantzitsua dela horiei entzutea, hala merezi dute eta.