Doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzeko Bidegin elkarteko Belén Perales eta Eneko Eizagirre kideek ‘Suizidioa: nola prebenitu’ izenburudun hitzaldia eskainiko dute irailaren 16an Azpeitian. Hizlari biek senide bat galdu dute suizidioagatik, eta euren esperientzia eta bidean ikasitakoa partekatzeko aukera izango dute.

Mankomunitateko ekitaldi aretoan izango da topaketa, 18:00etik aurrera eta gaztelaniaz. “Suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa sortzea” izango da saioaren helburua; izan ere, “beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela badakigu”, Bideginetik dioten bezala.

Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunaren (irailaren 10) harira antolatutako hitzaldiak suizidioaren inguruko mitoak apurtzeko ere balioko du, baita jarraibideak emateko ere sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta beren buruaz beste egiteari buruz pentsa dezaketen pertsonak inguruan dituztenei. Halaber, Bidegin elkarteko ordezkariek senideei beharrezko babesa ematearen garrantziaz hitz egingo dute, bai maila profesionalean bai maila sozialean; izan ere, traumari aurre egiteaz gain, “estigma jasaten dute, bakardadean, beldurrez eta errudun sentsazioarekin bizitzera eramaten dituen begirada sozial horren presioa, alegia”, adierazi dutenez.