Hitzarmenari esker, lankidetzarako bide berriak ezarri ahal izango dira, laneratzea sustatzeko eta lan-ingurune inklusiboagoak lortzeko.

 

Agifesek eta Integra CEEk lankidetza-hitzarmena sinatu dute zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatzeko eta buruko osasun arazoak dituzten pertsonei lan-merkatuan sartzeko aukera berriak eskaintzeko.

Hitzarmenak bi erakundeen arteko lankidetzarako bidea irekitzen du, Agifesen laguntza jasotzen duten pertsonei lan-aukerak zabaltzeko eta hautaketa-prozesuetan parte har dezaten errazteko. Horretarako, elkartea Integra CEEren hautaketa-taldearekin koordinatuko da. Integra enplegu-zentro berezi bat da, eta desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea du helburu, erakunde publiko eta pribatuei funtsezko zerbitzuak eskainiz. Kolaborazioak aukera emango du sortzen diren lan-eskaintzetara egokitu daitezkeen profilak eta hautagaitzak identifikatzeko.

Agifesentzat, aliantza hau beste urrats bat da osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen autonomia, parte-hartze soziala eta bizi-proiektu propioen garapena sustatzeko egiten duen lanean. Enplegua izatea ez da diru-sarrerak edukitzera mugatzen: autonomia, harreman sozialak, gaitasunak garatzeko aukerak eta komunitateko kide izatearen sentimendua ere ekar ditzake.

«Enplegua funtsezko arloa da buruko osasun arazoak dituzten pertsonen gizarteratzean aurrera egiteko. Oraindik ere ateak itxi ditzaketen aurreiritziak daude, eta, horregatik, lan-ingurune inklusiboekin konprometituta dauden erakundeekin aliantzak ehuntzen jarraitu behar dugu. Hitzarmen honek indarrak batzeko eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzat aukera berriak sortzeko aukera ematen digu», nabarmendu du Ruth Encinas Agifeseko gerenteak.

Bestalde, Virginia Antón Integra CEEko Euskadiko Hautaketa eta Laguntza Unitateko teknikariak azpimarratu du enplegua inklusiorako tresna nagusietako bat dela. Era berean, «buru osasunak enpresa-politiken parte izan behar duela, eta ez dela aparteko zerbait bezala hartu behar» adierazi du. Ildo horretan, azaldu du Integra CEEren Laguntza Unitateak babes eta sostengu biopsikosozial indibidualizatua eskaintzen diela desgaitasuna duten langileei, lan-, gizarte- eta familia-esparruetan, baita arlo pertsonalean ere.

Hainbat garapen-bide dituen lankidetza

Hitzarmenak lanekoak ez diren prestakuntza-praktikak sustatzeko aukera ere jasotzen du. Ildo horren helburua da formakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek tresna eta ezagutza praktikoak eskuratzea, ondoren laneratzea errazteko.

Lankidetzaren eragile biek sentsibilizazioaren alde ere egingo dute. Agifesek eta Integrak gizartea sentsibilizatzeko kanpainetan eta mezuetan, gizarte-arloko ekitaldietan eta inklusioa sustatzeko bestelako ekimenetan elkarrekin lan egiteko borondatea adierazi dute. Hitzarmenak berak aukera zabalik uzten du zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen laneratzea hobetzen lagunduko duten mekanismo eta akordio berriak garatzeko.

Enplegua, bizitza autonomoa izateko funtsezko elementua

Agifesek lau hamarkada daramatza buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko eta komunitatean erabateko parte-hartzea sustatzeko lanean. Gaur egun, elkarteak osasun mentaleko arazoak dituzten 700 pertsona baino gehiagori eta 300 senideri laguntzen die, eta 1.200 bazkide baino gehiago eta 55 profesionaleko lantaldea ditu.

Erakundeak azpimarratzen du laneratzea pertsona bakoitzaren gaitasunak, interesak eta bizi-proiektua kontuan hartuta landu behar dela. Aukerak eta lan-ingurune anitzak sortzeak pertsonen autonomia sustatzen laguntzen du, baita buruko osasun arazoen inguruan dauden aurreiritziei aurre egiten ere.

Integra CEEri buruz

Integra CEE 2007an sortu zen, gizartearen eskaera bati erantzuteko: desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea. Gaur egun, 6.300 langile baino gehiago ditu Estatu osoan (% 91k desgaitasunen bat dute), eta Espainiako erreferentziazko enplegu-zentro berezietako bat da. Euskadin, Integra CEEk 146 profesional inguru ditu, eta, gaur egun, horien % 86 desgaitasuna duten pertsonak dira.

Integra CEEk garrantzi handiko eginkizun soziala betetzen du, desgaitasuna duten pertsonei gaitasun eta trebetasun berriak garatzeko aukera eskaintzen baitie, etorkizunean lan-merkatu arruntean sartu ahal izan daitezen.