DONOSTIA | Azaroak 17

  • Ordua: 18:00
  • Lekua: Príncipe Zinemak, Donostia
  • Proiekzioa: Mugako nortasun nahasmenduari eta patologia dualari buruzko atalak.
  • Solasaldia: Ana Cábadas, AMAI TLP-ko psikologoa eta dokumentaleko parte-hartzailea, eta María Fente, proiektuaren zuzendarikidea eta buru osasunarekin loturiko gaien koordinatzailea Telecincoko albistegietan.

ERRENTERIA | Azaroak 18

  • Ordua: 18:00
  • Lekua: Niessen Zinemak, Errenteria
  • Proiekzioa: Nahasmendu bipolarrari eta eskizofreniari buruzko atalak.
  • Solasaldia: Javi Martín, aktorea, telebistako aurkezlea eta nahasmendu bipolarrari buruzko ataleko protagonista, eta María Fente, proiektuaren zuzendarikidea eta buru osasunarekin loturiko gaien koordinatzailea Telecincoko albistegietan.

Sarrera librea eserlekuak bete arte.


Agifesek eta Nora Films ekoiztetxeak bi zineforum saio egingo dituzte Donostian eta Errenterian, datorren azaroaren 17an eta 18an, Abiertamente dokumentalaren inguruan. Bi saioak doakoak izango dira, eta egun bakoitzean dokumental-saileko bi atal proiektatu eta solasaldiak egingo dira ondoren, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen errealitatean sakontzeko eta aurreiritziak gainditzen laguntzeko.

Saioetan hiru gonbidatuk parte hartuko dute, osasun mentaleko arazoei buruzko ikuspegi desberdinak eskaintzeko. Javi Martín aktore eta telebista-aurkezleak bere esperientzia pertsonala partekatuko du, nahasmendu bipolarrarekin inguruan. Bestalde, María Fentek, Abiertamente laneko zuzendarikide eta azken 18 urteotan Telecincoko albistegietan osasun eta buru osasun arloen koordinazioaz arduratzen den kazetariak, komunikabideen ikuspegia landuko du. Eta, azkenik, Ana Cábadasek, AMAI TLP elkarteko osasun-psikologo orokorrak, ikuspuntu profesionala eskainiko du.

Ekimenaren helburua da sarritan ikusezin bihurtzen diren esperientziak herritarrengana hurbiltzea eta buru nahasmendu larrien inguruko ikuspegi ulerkorragoa eta errealistagoa sustatzea. Zinemaren eta elkarrizketaren bidez, saioek arazo horiek eguneroko bizitzan duten eraginaz, errekuperazio-prozesuez eta oraindik gainditzeke ditugun erronkez hausnartzera gonbidatuko dute publikoa.

Benetako istorioak, buru osasuna hobeto ulertzeko

Abiertamente bost ataleko dokumental-saila da, eta buru osasuneko diagnostiko desberdinak dituzten pertsonen egunerokoa erakusten du, baita haien bizipenak, zailtasunak, lorpenak eta bizi-proiektuak ere. Ekoizpenak nahasmendu bipolarra, eskizofrenia, nortasunaren mugako nahasmendua, patologia duala eta suizidioaren detekzio goiztiarra eta prebentzioa jorratzen ditu.

María Fente, Sergio Gascón eta José Reguera dira dokumental-saileko zuzendariak. Ekoizpenak buruko osasun arazo anitz dituzten pertsonen jarraipena egiten du, eta haien senideen, lagunen eta profesional espezializatuen testigantzak ere jasotzen ditu. Esperientzia horien bidez, diagnostiko bakoitzaren atzean dauden errealitateen aniztasuna erakusten du, eta nahasmendu horiekin lotutako erronka pertsonal, sozial eta sanitarioak lantzen ditu.
Kontakizuna nahasmenduen sintometara edo zailtasunetara mugatu beharrean, ikuspegi zabalagoa eta gizatiarragoa eskaintzen du dokumental-sailak, protagonisten iraganeko bizipenak, orain arteko lorpenak eta etorkizuneko erronkak jasoz.

Lanak AFEM Torrent saria jaso du Mirades Fest 2025 jaialdian, Zinema Sozialaren eta Buru Osasunaren Nazioarteko IV. Erakustaldian.

Bi zineforum saio Donostian eta Errenterian

Lehen saioa azaroaren 17an izango da, 18:00etan, Donostiako Príncipe zinema-aretoetan. Nortasunaren mugako nahasmenduari eta patologia dualari buruzko atalak proiektatuko dira bertan. Patologia duala buru nahasmendu bat eta substantzien kontsumoarekin lotutako nahasmendu bat aldi berean gertatzen direnean ematen da. Proiekzioaren ondoren, Ana Cábadas psikologoarekin solasaldia egingo da.

Bigarren hitzordua azaroaren 18an izango da, 18:00etan, Errenteriako Niessen zinema-aretoetan. Bertan, nahasmendu bipolarrari eta eskizofreniari buruzko atalak proiektatuko dira, eta Javi Martín aktore eta aurkezleak parte hartuko du solasaldian, bera baita nahasmendu bipolarrari eskainitako ataleko protagonista.

Bi saioetan María Fentek ere hartuko du hitza, kazetari eta dokumental-saileko zuzendarikide gisa duen ikuspegia eskaintzeko. Haren parte-hartzeak aukera emango du komunikabideek buruko osasun arazoak ikusarazteko eta gizarteko aurreiritziak gainditzen laguntzeko duten eginkizunean sakontzeko.

Zinema, estigmari aurre egiteko tresna

Ekimen honen bidez, Agifesek gizartea sentsibilizatzeko duen konpromisoa indartzen du, baita buruko osasun arazoen inguruan hitz egiteko topaguneak sortzeko apustua ere.

Elkartearen ustez, funtsezkoa da diagnostikodun pertsonen esperientziak ikusaraztea eta elkarrizketa publikoan parte har dezaten sustatzea, bereziki oraindik ere ezjakintasunak eta uste okerrek inguratzen dituzten nahasmenduei buruz hitz egiten denean, hala nola eskizofreniari, nahasmendu bipolarrari edo nortasunaren nahasmenduei buruz.

Ildo horretan, zinema dokumentalak aukera ematen du askotariko errealitateetara hurbiltzeko, aurrez errotutako ideiak zalantzan jartzeko eta gizarte arduratsuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagunduko duten elkarrizketak sustatzeko.